Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa

Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa[1] Antartikaren inguruan mendebaldetik ekialdera dabilen itsaslaster bat da.

Duela 23.000.000 urte inguru sortu zen, Antartikaren eta Hego Amerikaren arteko bereizketa gauzatu zenean Drake pasaia zabaltzean. Garrantzi handia du munduko itsaslasterren zirkulazioan.

Egitura aldatu

 
Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa ozeanoetako itsaslaster-sistemarik handiena da.

Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak 135 milioi metro kubiko garraiatzen ditu segundoko, hau da, munduko ibai guztien emaria baino 135 aldiz gehiago. Ozeano Atlantikoa, Pazifikoa eta Indiakoa lotzen ditu, eta haien arteko garraiobide nagusia da. Lur-masek eta batimetriak nabarmen mugatzen dute itsaslasterra. Hego Amerikan hasita, lasterrak Drake pasaia zeharkatzen du, eta gero erdibitu egiten da. Beso bat, azalekoa eta epela, ekialderantz eta iparralderantz abiatzen da Malvinetako itsaslasterrean, eta beste beso bat, sakonagoa, ekialderago iristen da iparralderantz egin baino lehen. Indiako ozeanora iritsita, Kerguelen uharteetan erdibitu egiten da berriro, baina fluxu gehiena iparraldetik pasatzen da. Zeelanda Berritik hegoaldera jarraitzen du, eta deflexio bat jasaten du Pazifikoko hego-ekialdeko bizkarretik igarotzean.

Garrantzia aldatu

Lurraren errotazio-noranzko bera du, eta bera da Hego hemisferioko itsaslaster bakarra tropikoen arteko zonako itsaslasterren ekialdetik mendebalderako higidura konpentsatzen duena.

Ipar hemisferioan antzekoa da egoera, baina Europa eta Ipar Amerika kontinenteek oztopatu egiten dute itsaslaster horren ibilbidea. Haiengatik ez balitz, itsaslaster hori ere zirkunpolarra litzateke. Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoaren baliokidea, Ipar hemisferioan, Golkoko itsaslasterra (Atlantikoan) eta Kuroshio itsaslasterra (Pazifikoan) lirateke itsaslaster epel gisa eta, haien kontrako itsaslaster hotz gisa, Groenlandiako ekialdeko itsaslasterra, Labradorkoa eta Oyashio itsaslasterra, zeinek oso ur hotza eramaten baitute hegoalderantz. Desberdintasun horien eraginez, Europako Ipar lurmuturra ur epelez inguratuta egoten da beti, baina, aipatutako laster hotzen eraginez, Groenlandiatik datozen icebergek oso hegoaldera iristen dira (Ingalaterra Berriaren latituderaino, Titanic hondoratu zen tokiraino, hain zuzen).

Beraz, Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak ur epelak Antartikara iristea eragozten du, batetik, eta, horri esker, Antartikak bere inlandsis edo izotz-geruza gordetzen du; bestetik, Antartikatik datozen icebergak Ipar hemisferioan bezain latitude txikietara iristea eragozten du.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu