Txikipedia:Lehen Karlistaldia: berrikuspenen arteko aldeak

Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
b
(Ez dago alderik)

00:42, 23 urtarrila 2020ko berrikusketa

Lehen Karlistaldia Espainian eta, bereziki, Hego Euskal Herrian izandako gerra bat izan zen. 1833an hasi zen eta Euskal Herrian 1839an amaitu zen, baina Espainian 1840an. Gerra horretan bi talde egon ziren: karlistak, eta liberalak. Fernando VII.a Espainiako erregea hil zenean, lehendabizikoek Karlos haren anaia nahi zuten errege; bigarrenek, berriz, haren alaba: Elisabet II.a, eta erregina egin nahi zuten.

Hala ere, tartean beste gai bat nahasten zen: Euskal Herriko foruak. 1833an, liberalak heldu ziren Espainiako errege gortera, eta konstituzioa ezarri nahi zuten koroaren peko lurralde guztietan. Aldiz, Nafarroa erresuma bat zen oraindik, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak beren legeak eta erakundeak zituzten (foruak).

Euskal Herrian, bereziki Nafarroan, herritar gehienak Karlos errege-nahiaren aldekoak ziren. Aragoi hegoaldeko Maestrazgoan, eta Kataluniako eta Andaluziako toki batzuetan ere karlistak ziren. Aldiz, Espainian gehienak liberalen aldekoak ziren; Euskal Herrian, liberalei giristino deitzen zieten, Kristina erreginordea zutelako buru. Liberalak, gehienetan, ordainpeko tropak ziren, gobernuari edo administrazioari lotuak; karlistak, berriz, herritar boluntarioak ziren batez ere.

Buruzagi ezagunena Zumalakarregi izan zen, karlista, eta Euskal Herrian oso maitea. Nafarroa erdialdeko mendietan indartsu egin zen boluntario talde batzuekin, eta gero Euskal Herriko beste lurralde batzuetara zabaldu zen. Aldiz, Euskal Herriko hiriburuak liberalen eskuetan zeuden, militarren gotorlekuak zirelako batez ere. Gainera, goi-burgesia hor zegoen, eta Nafarroako Erriberako lurjabeak ere lilberalen aldekoak ziren.

Zumalakarregi jeneralak Bilbori setioa jarri edo inguratu zuen 1835ean, baina bala batek hankan jo zion. Zauriak oso larria ez zirudien arren, gaiztotu egin zen, eta Zumalakarrekin hil egin zen. Harrezkero, gerrak antsia gutxirekin jarraitu zuen, foruak galtzeko beldurrez. 1838an, Euskal Herriko karlistek espedizio bat egin zuten Madrilgo atariraino, baina atzera egin behar izan zuten.

1839an, Maroto karlistak eta Espartero liberalak elkar besarkatu zuten Bergaran, eta hitzarmen bat sinatu zuten. Haren bidez, foruak errespetatzea adostu zuten, baina urrian atera zuten legean, Espainiako batasun konstituzionalari eman zioten nagusitasuna. Espainiako Gobernuaren armadak Hego Euskal Herria okupatu zuen, eta egoera horretan, Nafarroak erresuma izateari utzi zion.