Beat 'em up
Beat 'em up (ingelesez literalki Jipoitu itzak, Jipoitu itzan), arkade motako bideo-joko azpigenero bat da. Izenburua bere gairi zor dio, azpigenero honetako bideo-joko guztietan jokalaria protagonistaren paperean sartu eta bideo-jokoan zehar agertzen diren pertsonai edo etsaien aurka kolpeka borrokatzen baita. Azpigenero hau 1980ko hamarkadaren erdialdetik 1990eko hamarkadaren erdialdera arte arkade makinen aretoetan oso hedatua egon zen.
Lehen beat 'em up arkade bideo-jokoa 1984an argitaratutako Kung-Fu Master izan zen, 1987an Double Dragon arkadea nagusi izan eta bi jokalariek batera eta bikotean borrokatu zezaketen bideo-jokoei hasiera eman zien, aldiz 1991an argitaratutako Street Fighter II bideo-jokoak jokalari bat bestearen aurka borrokatzeko aukera eskaintzen zuen.
Azpigenero honetako beste arkade klasikoak honakoak dira: Streets of Rage, Final Fight, Golden Axe eta Battletoads.
1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera 3-D bideo-jokoen agerpenarekin batera beat 'em up azpigeneroaren gainbehera hasi zen. Dena den, oraindik gaur egun ere 1980ko hamarkadaren erdialdetik 1990eko hamarkadaren erdialdera nerabe edo haurrak izan ziren helduen artean iraganeko nostalgiaren eraginez erakarpena izaten jarraitzen duen azpigeneroa da, eta batzuk ordenagailuentzako arkade makinen simulatzaileen bidez azpigenero honetako bideo-jokoetan jokatu ohi dute.