Bat, bi, Manchester
Bat, bi, Manchester Irati Jimenezek idatzitako eleberri labur bat da, 2006. urtean plazaratua, gai nagusitzat homosexualtasuna duena. Manchesterren bizi diren bi mutil euskaldunen arteko amodiozko harremana kontatzen du, amodio ezinezkoa hasiera batean, mutil bat heterosexuala denez, baina azkenean biak elkartuko dituena. Monologo eran dago kontatua, elkarrizketa gutxirekin baina kapitulu oso laburretan banatuta erritmo biziz. Eleberriak 2005eko Augustin Zubikarai saria irabazi zuen.
Bat, bi, Manchester | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Irati Jimenez (2006) |
Argitaratze-data | 2006 |
Generoa | drama erromantikoa |
Hizkuntza | euskara |
Herrialdea | EH |
Orrialdeak | 88 |
ISBN | 978-84-9783-397-X |
Sariak | Augustin Zubikarai saria (2005) |
Haria
aldatuNarratzaileak Aitor izeneko mutil euskalduna ezagutzen du Manchesterren, lagunekin gaupasan. Homosexualtzat aurkezten du bere burua, eta Aitorrek hetero dela aitortzen dio. Beste egun batean, kalean egiten topo, itzultzaile lanetan dabilen narratzailea lantokira doala. Lantokian Veronica neska ingelesa du lagun. Egun berean, arratsaldean, berriz ere topo egiten dute pub batean. Aitorrek aktore gisa lan egin nahian etorri zela kontatzen dio, eta narratzailea idazteko zaletasuna duela ere aitortu. Han bertan, narratzaileak Aitor emakumeekin ligatzen trebea dela ikusten du, neskak barra-barra hurbiltzen zaizkiola. Narratzaileak bere aurreko mutil-laguna ere aktorea zela aipatzen du, eta harengatik etorri zela Londresetik, mutilak Manchesterren lana aurkitu zuelako. Baina azkenean mutil hark utzi egin zuen narratzailea. Aitorrek bera ere erotu egiten zuen neska batengandik ihesi etorri dela kontatzen dio. Ordurako lagunak dira biak, eta Aitor rubio deitzen hasten zaio narratzaileari. Narratzailea Aitorrenagan erakarrita sentitzen hasten da, biak oso desberdinak diren arren. Aitor Bilbokoa da, aita zena, istripuz hila, britaniarra zuen eta ingeniaritza ikasten hasi zen, harik eta ama konturatu zen karrera hori egiteko ez zuela balio. Narratzailea, berriz, aita alde egindako familia batean igaro zuen nerabezaroa, diru arazo larriekin. Haien arteko lagun harremana sendotzen doa, ordea, eta Aitor narratzailearen lantokira ere azaltzen da. Aitorrekin fantasia erotikoak irudikatzen ditu narratzaileak. Baina hamasei urterekin lagunmina zuen mutil batekin maitemindu eta maitasuna aitortu zionekoa gogoratzen du, eta horrela lagunmin hori nola bat-batean eta betiko galdu zuen. Gizon hotzak eta urrunak atsegin dituela aitortzen du narrazioan.
Lantokian Veronikak bisita egin dion mutil guapoaz, Aitorretaz alegia, galdetzen dio, baina narratzaileak neskekin soilik konpromisorik gabeko harremanak izaten dituela ohartarazten dio. Narratzaileak izandako mutil-lagunen zerrenda luzea osatzen du buruan, guztiek min egiten diote, eta orain heterosexual batekin maitemintzeaz harritzen da. Ohartu egiten da Aitorrekin gezurretan hasten ari dela, haren musika gustatzen zaiola eta, haren aurrean atsegin azaltzeko. Aitorrekiko grina bizia pizten ari zaio. Aitorri aterpe baten premia sortu zaio; rubioak gela librea du bere pisuan eta pozez eskaintzen dio, orain bere ondoan egun osoa egongo dela jakinik. Narratzaileak gripea hartu eta Aitor arduratuko da bera zaintzeaz, idazteko ere animatzen dio. Sendaturik, Aitorrek pisura neskak ekarri eta haiekin larrua jotzen entzuten du, ordea. Lan laburrak egiten ditu, baina gehienbat amak bidaltzen dizkion sosei esker bizi da. Autobusean elkarrekin doazela, istripu txiki bat izan eta bata bestearen gainean zilipurdika erortzen dira, haien arteko lehen kontaktu fisikoan eta hala eta guztiz ere, Aitor biziki maite duela daki narratzaileak. Pisuan elkarrekin bizitzen jarraitzen dute eta Aitorrek neskak ekartzen jarraitzen du, eta narratzailearengan gorroto sentimenduak pizten dira. Aitorrek idazten jarraitzeko animatzen duenean, eta hari buruz idazten du noski, pikutara bidaltzen du. Txikitan maiz ikusitako telesail zirraragarrietan bizitza bestelakoa dela erakutsi badiote ere, emoziorik gabe sentitzen dela aitortzen dio Aitorrek narratzaileari. Bitartean, Aitorrekiko grina frustrazio bilakatzen zaio. Bere bila autoz urrutitik jasotzera joaten da, baina ez zaizkio aski horregatik Aitorrek emandako eskerrak, ezta besarkada bat ere. Gehiago nahi du. Horrela, Elkarrekin zinemara frantsesezko pelikula bat ikustera joan eta Aitorrek mon amour esaten dionean, txantxetan bada ere, barruraino heltzen zaio. Beste egun batean Aitorrek koadernoa ekarri dio, idazteko animatze aldera. Veronicak lantokiko festara etortzeko erregua egiten dio, eta Aitorrek bere antzezlanaren estreinaldira joatea eskatzen dio, mutil-lagun batekin eta bere estiloko lagun batzuk aurkeztuko dizkiola, baina narratzaileak gaizki hartzen du aipamen hori. Aitorrek barkamena eskatzen dio.
Narratzailea lantokiko jaira doa azkenean, Aitorrekin, baina han Paul lehengo mutil-lagunarekin topatzen da, eta harekiko gorrotoa eta maitasuna sentitzen ditu batera. Aitorrek, ordea, harengandik erreskatatu egiten du eta guztiz mozkortuta etxera eramango du eta ohera sartarazi, baina horretan ari dela narratzaileak muxu ematen dio Aitorri. Veronicak txirrina jotzen du; etxeko giltzak ahaztuta, lo egitera dator. Gau horretan aitak txikitan erakutsitako beira fabrikaren haritik egiten du amets, aitak beira berotik hotzera pasatzea behar bezala egiten ez bada, hautsi egiten dela esan ziola, eta berak bere burua beira hautsia bezala ikusten du. Biharamuneko gosarian hirurak elkartzen dira eta Veronicari esker gainditu ditzakete gaueko muxuak eragindako deserosotasun eta hotzaldia, baina hurrengo egunetan agertu egiten da deserosotasun hori eta lagunen arteko txantxak egiteari utzi egiten diote. Aitorren estreinaldira Veronicarekin doa, baina estreinaldiak ez ditu kritika onak jasotzen. Narratzaileak mina ez egiteagatik ez zion Aitorri esan antzezlana ez zela hain ona. Uda pasatzen doa eta azkenean Aitor Londresera itzultzen dela iragartzen dio. Etsirik, narratzailea harekiko azken egunak aletzen ditu, bi, bat (eleberriaren izenburuak iradokitzen duen bezala), baina azken egun horietan Veronicak maitasuna aitortzen dio narratzailea. Narratzailea galduta sentitzen da eta kontatu egiten dio Aitorri, zeinak azkenean narratzailearekiko maitasuna aitortzen dion. Gau horretan bertan elkarrekin oheratuko dira. Biak Londresera doaz elkarrekin, bizitza bizitzeko saltoak ematea ezinbestekoa dela sinetsita, eta salto horiek emateko aukerak aprobetxatu behar direla sinetsita. Liburua Veronicari opatzen dio, bukatzeko.