Balmasedako juduen kanporaketa
Balmasedako juduen kanporatzea 1483an izan zen. Herriko kontzejuak, ordenantza baten bidez, juduak bertan auzotzea eta balmasedarrekin ezkontzea debekatu zien juduei. Juduak mende bat lehenago iritsi ziren herrira eta Kale Zaharreko hamahiru etxetan bizi ziren. Balmasedak 1.000 biztanle inguru zituen orduan eta juduak 50 bat ziren. Ez dirudi kopuru handia, baina XV. mendearen erdialdean Balmasedakoa euskal lurraldeko bigarren judutegi garrantzitsuena zen, Gasteizkoaren ondoren.[1]
Handik hiru urtera, 1486ko urtarrilean, juduek debekuei muzin egin izana aitzakia, kontzejuak haiek herritik botatzea erabaki zuen eta, hainbat gizon armatuk, Pedro Sanchez Terreros alkatea buru, indarrez betearazi zuten erabakia. Juduek ihes egin zuten eta gehienek Villasana de Mena (Burgos) herrian hartu zuten babesa. Urte berean Gernikako Batzarrean gaia eztabaidatu zuten, eta Haron juduen ordezkariak juduak Balmasedatik “betirako urruntzea” onartu zuen, ziurrenik une horretan beste aukerarik ez zuelako.[1]
Baina juduek Errege-erregina Katolikoengana ere jo zuten konponbide eske, eta haien erantzuna 1488an jaso zuten. Gutun bat bidali zioten herriko kontzejuari, juduak atzera bertan onar zitzan eskatuz. Errege-auzitegiak, gainera, bitartekari bat izendatu zuen eskaera betetzeko: Lope García de Chinchilla lizentziatua.[1]
Balmasedarrek ez zieten itzultzeko baimenik eman, baina, gutxienez, negoziatzeko prest agertu ziren. Eta, azkenean, itxuraz Chinchillaren ahaleginei esker, juduek Balmasedan zituzten ondasunak tasatzea eta ezarritako balio horiek ordura arteko jabeei dirutan ordaintzea adostu zuten. Horrenbestez, juduak Balmasedatik egotzi zituzten, baina behintzat ez zituzten esku hutsik bota, Errege-erregina Katolikoen bitartekaritzari esker.[1]
Kontua da handik lau urtera agintari berberek, Elisabet I.a Gaztelakoak eta Fernando II.a Aragoikoak, erresumako judu guztiak egoztea erabaki zutela. 1492ko martxoaren 31n Granadako ediktua sinatu zuten eta maiatzaren lehenean jarri zen indarrean. Eta ez zen negoziaziorik izan: juduek inolako ondasunik eta eskubiderik gabe alde egin behar izan zuten.[1]