Argudio-testua testu mota bat da, non helburu nagusia hizketakidearen edo irakurlearen ikuspegia, iritzia aldatzea da. Mezuaren hartzailea bairatzea, konbentzitzea, da testu edo diskurtso tipo honen helburu nagusi eta horretarako, mezuan, argudio egokiak erabili behar dira, arrazoi egokiak.

Defendatu nahi den ideia nagusiari tesia deitu ohi zaio eta tesia defendatzeko erabiltzen diren arrazoiak, argudioak dira.

Argudioak indartzeko, eskuarki, narrazioak, azalpenak, aipamenak, adibideak, pasadizoak, eta abar erabili ohi dira. Argudio-testua, testu-tipo gehienak legez, ez dira funtzio edo helburu bakar baterako ekoizten. Baina helburu nagusia solaskidea edo irakurlea konbentzitzea dela baiezta baldin badaiteke, argudio-testua edo argudio-diskurtsoa dela esan daiteke.

Ezaugarri batzuk aldatu

  • Testu-tipo honen erabilera-eremu nagusiak pertsonen arteko harremanak, erakundeak eta gizarteko hedabideak dira.
  • Didaktikoki oso erabilgarria da[1]; izan ere, limurtzea helburu duen gizartean bizi gara. Norberaren iritzia aldarrikatzeko eta gainontzekoena kritikoki balioesteko baliabidea da, bai eta pertsonen arteko gatazkak bideratzeko ere[2].

Argudio-tipoak aldatu

Arrazoian edo logikan oinarrituriko argudioak aldatu

  • Analogia-argudioa. Defendatu nahi den tesia aurretik frogatutzat ematen diren beste kasu jakin batzuen oso antzekoa dela argudiatzen da.
Adibidea: Tesia: "Topatu berri den espeziak horrelako ezaugarriak ditu". Argudioak: a. Oso antzekoa den beste espeziak honelako ezaugarriak ditu. b. Oso antzekoa den beste espeziak honelako ezaugarriak ditu. Ondorioa: tesia, oraingoz, frogatutzat eman dezakegu.
  • Kausa-argudioa. Tesi bat defendatzeko tesia ondorio bezala aurkezten da eta ondorio horren kausak azaltzen dira. Kausen eta ondorioen arteko konexioa azaltzea komeni.
Adibidea: Tesia: "Errinozeroa desagertzeko zorian dago". Argudioak: a. Errinozeroak oraindik ere ehizatzen dira. b. Errinozeroaren sudurreko adarra gero eta hobeto ordaintzen da merkatu beltzean. Ondorioa: Tesia defendatzeko kausak baldin badaude eta kausak eta ondorioen arteko konexioa erakusten badugu, tesia frogatutzat eman dezakegu.
  • Zabaltze-argudioa. Defendatu nahi den tesia aurretik frogatutzat ematen diren beste kasu jakin batzuen kasu orokorragoa besterik ez dela argudiatzen da.
Adibidea: Tesia: "Galiziarrak txapelak lapurtzen dituzte". Argudioak: a. Gure aitonari, soldaduskan, galiziar batek txapela lapurtu zioten. b. Gure osabari, ezkontza bidaian, Santiagon, txapela lapurtu zioten. Ondorioa: tesia, oraingoz, frogatutzat eman dezakegu.
  • Zantzuen-argudioa. Tesi bat defendatzeko nahiko zantzu daudela argudiatzen da. Zantzuak ondo zehaztea eta zantzuak baliagarriak direla defendatzen da.
Adibidea: Tesia: "Espainian ekonomia krisi larria dago". Argudioak: a. Langabezia tasa altua da. b. Langabezia tasa, aspaldiko X hilabeteotan igotzen ikusi dugu. c. Bankuetatik maileguak lortzea gero eta zailago. d, e... Zergak gora, kontsumoa behera... Ondorioa: Badago nahikoa zantzu tesia frogatutzat emateko.
    • Oharra. Goiko adibideren batean oso argi ikus daitekeenez, argudioak ekoizteko aukera hauek maltzurki ere erabil daitezke: horrela gezurkeriak ere asma daitezke, egiaren itxura daukaten gezurkeriak. Batzuetan egiaren itxura osoa.

Emozioei dei egiten dieten argudioak aldatu

Entzulearen, entzuleriaren, irakurlearen sentimenduei jo daiteke arrazoiari bezain eraginkor, edo eraginkorrago.

  • Autoritate-argudioa. Hizketakide edo irakurleak asko baloratuko duen pertsona edo erakunde bati erreferentzia egin ahal zaio.
Adibidea: Tesia: "XX baliabide sintaktikoa egokia da". Argudioak: a. Axularrek maiz erabiltzen zuen. b. OEH horretan adibide asko agertzen dira. c. Euskaltzaindiaren gramatiketan ere agertzen da... Ondorioa: Horrelako autoritateek onartzen badute, tesia frogatutzat eman beharko.
  • Ad hominem argudioa. Argudio bati aurre egiteko argudioa formulatu dionari egiten zaio erreferentzia. "Zuk A tesiaren alde egiten duzu baina zuk A tesiarekin benetan ez zatoz bat halako kontraesanetan harrapatu zaitudalako". "Beraz A tesia, (= zure tesia), ez da sinesgarria".

Argudio-testuan erabili ohi diren baliabideak aldatu

  • Adibideak.
  • Aipamenak. Aipamen historikoak, Aipamen literarioak, erabili ohi dira argudioak indartzeko. Etikako eskuliburuek aholkatzen dute aipamenak, ahal den heinean, zehatzak izatea eta ahal bada iturriak aipatzea. Argudio-testuaren ekoizleak beste norbaiten testu edo diskurtso zatiren bat erabiliko balu, idatziz, kakotxak-edo erabili beharko lituzke beste egilearen testua zedarritzeko, eta beste egile edo sortzaile hori nor den aipatzea aholkatzen da.
  • Solaskideari edo irakurleari interpelazio zuzenak egin ohi dira argudioa indartzeko, galdera erretorikoak-eta.

Bibliografia aldatu

  • Joaquim Dolz, Auguste Pasquier; Konbentzitzeko argudiatu: derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen ziklorako argudio testuak lantzen hasteko sekuentzia didaktikoa[3]. (Itzulpena eta egokitzapena: Pilar Labaien, Mª José Sánchez, Patxi Sierra; euskarazko itzulpena eta egokitzapena, Jon Iñaki Izarzelaia, Olibia Galparsoro, Orreaga Zubeldia. 2002. Argitaratzailea: Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Departamentua, L.G. ISBN: 84-235-2240-7
  • (Gaztelaniaz) Joaquim Dolz & Auguste Pasquier. Argumentar para convencer: una secuencia didáctica de iniciación al texto argumentativo para el primer ciclo de la Educación Secundaria Obligatoria. (Itzulpen-egokitzapenaren egileak: Pilar Labaien, Mª José Sánchez, Francisco J. Sierra). 1996. Argitaratzailea: Iruñea : Nafarroako Gopbernua, Hezkuntza eta Kultura Saila, ISBN: 84-235-1553-2

Erreferentziak aldatu

  1. a b EAEko Berritzegune Nagusia. «Argudio-testua - Hizkuntzari buruzko hausnarketa» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  2. «Argudio-testuen ebaluazio-errubrikak - ERRUBRIKAK» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-19).
  3. Dolz, Joaquim. (LG 2002). Konbentzitzeko argudiatu : derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen ziklorako argudio testuak lantzen hasteko sekuentzia didaktikoa. Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Departamentua ISBN 84-235-2240-7. PMC 863204651. (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu