Arabar bola jokoa

Arabar bola joko» orritik birbideratua)

Arabar bola jokoa garai batean (dioten arabera XVII. mendetik aurrera) Araba osoan zehar oso zabalduta zegoen herri-jokoa da. Ia herri guztiek (Gasteiz barne) zuten bolatokia: herriko plazan edo eliza ondoan kokatuta zegoen; normalean kanpoan, aterperik gabe eta lurrean bertan eginak ziren.

Bolariak Muruan (Zigoitia)

Batez ere, igandetan edo jai egunetan herrietako biztanleek jokatu ohi zuten, elizatik atera eta gero, apustuak egiten edo besterik gabe denbora emateko asmoz.

Joko honen jarduera neurri handi batean galdu bazen ere, inoiz ez da erabat desagertu, are gehiago, egun, berreskuratzen ari da pixkanaka jokatzeko ohitura: Hainbat lekutan bolatokiak berritu eta estali dituzte, txapelketak urtero antolatzen dira, etab.

Bolatokia aldatu

 
Arabar bolatokia

Bolatokiak 30 metro luze eta 2 metro zabal ditu (behin betiko arautegia 1995ean argitaratu zen arren, neurriak ez dira izaten oso zehatzak). Erdi-erdian zurezko taula bat dago, aipatutako luzeraz eta 20 zentimetroko zabaleraz. Bola artea egurrezkoa izaten da, amerikar bolatokiena baino txikiagoa, baina nahiko pisutsua (2,5 kg gutxi gorabehera), eta ez du inolako zulorik izan behar. Boloak ere egurrezkoak dira eta 30 zentimetroko altuera izaten dute. Txirloetako hiru berdintsuak dira (medio, karraka eta guarda deritze), eta bestea, kantoia deritzona, zertxobait lodixeagoa.

Lau txirloak hirukia osatuz jartzen dira, lurrean finko dauden oinarri batzuen gainean: aurrean eta erdialdean kantoia, bere izena esaten duen bezala, bolariak hurbilen izango duen erpina izango dena. Metro eta erdi edo atzerago, ezkerraldean medio txirloa kokatzen da, eta mediotik beste metro eta erdi atzerago beste bi boloak daude: karraka eskuinaldeko erpinean eta guarda ezkerrekoan.

Arauak aldatu

Jaurtitzaileek bola lomara bota, bola bertan mantendu eta azkenean eratutako “v” honen aurreko erpinean dagoen txirloa bota behar dute lehenengoa; hau da, kantoia bota ezean, jaurtiketa debalde izango da, zero puntu lortuko lirateke, bolen argotean zula bota dugula esango genuke. Honenbestez, kantoia bota barik beste txirloren bat eroriz gero ez luke balioko.

Bola jaurtitzeko unean parra izeneko taula gainean kokatu behar da jokalaria. Parra azken batean seinale bat baino ez da, zenbateko distantziaz bota behar den jakiteko (1,40 m). Ez da beharrezkoa jaurtitzeko unean bi oinak parra gainean edukitzea; izan ere, azken unean pauso bat aurrera ematen da, beti ere, oin bat parra gainean utziz, beharrezko distantzia mantenduz.

Kantoia botaz gero, izan daiteke beste jokaldi hobea izatea kantoiak edo bolak beste txirloren bat eroraraziz gero; esaterako, kantoiak erdiko boloa jo eta erorarazi: honela bi puntu lortuko lirateke. Ertzetako txirloren bat ere eroriz gero hiru puntu lirateke; edo guztiak, lau txirloak erori araziz, lau puntuko jokaldia lortuko litzateke.

Bola batez lau txirloko jokaldia egitea zaila eta ezohikoa izan daiteke. Bolatokiak bolatoki (bolatokien egitura dela eta, bota ohi diren txirlo kopurua ezberdina izaten da, badaude bolatoki zailagoak eta errazagoak, alegia). Hala ere, lau puntuko jokaldia, bola bakar batez, ez da ezinezkoa: bolak kantoia jotzen badu gogor, eta hau ezkerraldera, indarrez, botatzen duen bitartean, bolak kolpearen eraginez eskuinera jotzen badu (billar jokoaren antzera), bolak guarda txirloa eroraraziko du. Kantoiak erdikoa botako du, eta halaber, erdikoak karraka eroraraziko du.

Kontuan hartu behar da ondoko araua: bolak hormaren kontra errebotatu ondoren txirloren bat jotzen badu, eroritako txirloa ez da kontuan hartuko. Aitzitik, hormaren kontra txirloren bat errebotearen eraginez eroritako txirloak kontagarriak izango dira, baldin eta aurretik hormaren kontra jo duen bolarekin talka egin eta bolak baliogabetu ez badu.

 
Arabar bola jokoa Gasteizko Foruen plazan.
 
Arabar bola jokoa Gasteizko Foruen plazan.

Jokatzeko erak aldatu

Jokaldi ez-ofizialetan (lagun artekoak, herriko txapelketak, etab), parte hartuko duten bolariek zehaztu ohi dituzte jokaldi horretarako zenbait irizpide, partida aurretik: banaka edo taldeka jokatuko den, txanda bakoitzean zenbat bola botako duen bolari bakoitzak (normalean 2 edo 3) eta zenbat txandatan.

Herriko jaietan egin ohi diren txapelketak aldatu

Banakako partidak izaten dira, bi txanda egin ohi dira eta txanda bakoitzean bolariek bina edo hiruna bola bota behar dituzte. Adibidez, hamar bolari balira, lehenengoak hiru bola botako lituzke, gero bigarrenak beste hiru, gero hirugarrenak, etab. Guztiek egin ondoren, bigarren txanda egingo lituzkete, hasierako ordena berbera jarraituz. Guztira bolariek seina bola botako lituzkete. Sei bola hauekin baliaturik, bolo gehien bota dituen bolaria txapelduna izango da. Gerta daiteke berdinketa egotea, pareo deritzona; kasu honetan berdinduta dauden bolariek beste txanda batean bota beharko lukete, bola bana edo bina, eta honela jarraituko lirateke irabazle bakarra egon arte.

Pasada aldatu

Lehenik lehiakideek adosten dute zenbat bola botako dituzten pasada bakoitzean (normalean bi edo hiru), eta halaber zenbat diru apustu egingo duten, edo bestela esanda, zenbatekoa izango den pasada. Dirua jokatu aurretik jartzen da, eta jokaldia lehen azaldu bezala egingo dute, irabazleak bildutako dirua eraman arte. Honenbestez bakoitzaren esku dago partida noiz bukatu. Pasada berri bakoitzaren hasieran jokalari berriek ere, dirua jarri, eta parte hartu dezakete, izan ere, bolarien kopuruak ez du mugarik. Apustutako dirua ere nahi adina izan daiteke, lehenik adostutako nahi adina.

Ikusleen artean ere izan daitezke apustuak, esaterako: “baietz kantoia erori” edo “ezetz kantoia erori”.

Txapelketa ofizialak aldatu

Hauxe da gaur egun gehien ikusten dena; izan ere, lehen aipatutakoak, tamalez, galtzeko joera dute.

Txapelketa ezagunenak hauexek dira: “Herrien artekoa”, “Foru Aldundiko Txapelketa” eta kuadrillako edo zonalde bereko herrien arteko txapelketak. Txapelketak taldeka jokatu ohi dira, eta astean behin egiten diren topaketa desberdinetan buru ohi dira. Taldeak Arabako herri desberdinetan eratzen dira, taldeak nahi adina bolari izan dezaketen arren, eguneko topaketan 6 bolari baino ez dute parte hartuko.

Txanda bakoitzean hiruna bola botatzen dituzte bolariek, bi txanda daudenez gero, seina bola guztira, probatan botatakoak kontuan hartu gabe (bolariek hiruna bola bota ditzakete probatzeko, jokaldia hasi baino lehen).

Probaren ondoren, garrantzi handiko hamaiketakoa egin ohi da (herri gonbidatzailekoek prestatuta).

Normalean bost edo sei herriz osatutako taldeak egiten dira, lehenengo kanporaketan. Honenbestez topaketa bakoitza herri desberdin batean prestatzen da, taldeko herri guztietatik pasatu arte. Hala, bola jokoan jarduteaz gain, beste herri batzuk bisitatzeko aukera eta herrien arteko harremana ere sustatzen da. Era berean, kanporaketen ondoren finala egiten da, non txapela zeinek eramango duten erabakiko da.

Ondasun nabarmenak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu