Apodidae
Apodidae neorniteen azpiklaseko neognatoen multzoan eta apodiformes ordenan sailkatutako hegazti familia bat da.[1][2] Familia honek munduko sorbeltza guztiak barnebiltzen ditu. Gaur egun 100 espezie inguru ezagutzen dira familia honetan, 2 azpifamilia eta 4 tributan banatzen direlarik.
Apodidae | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Apodiformes |
Familia | Apodidae Hartert, 1897
|
Generoak | |
Ezaugarriak
aldatuApodidae (benetako sorbeltzak) familiako hegaztiek enarekin antzekotan handiak dituzte, baina ez dute elkarrekiko inongo lotura esturik eta ordena ezberdinetan sailkatuta daude (apodiformeak eta passeriformeak). Apodidoen edo sorbeltzen eta enaren antzekotasuna eboluzio konbergenteari esker ematen da, bi ordena horietako hegaztiek airean intsektuak ehizatzeko eboluzionatu baitute.[3] Apodidoek kolibriekin lotura ebolutibo estua dute.
Apodidoak airera hobekien moldatutako hegaztiak dira, espezie askok bere bizi-zikloa ia osorik airean egiten dute. Bertan jan, edan, kopulatu eta lo egiten dute familia honetako espezie askok, lurra arrautzak errun eta zaintzeko bakarrik hartzen dutelarik. Bere morfologia osoa airean bizitzeko eginda dago, hego oso luzeak gorputzarekiko eta zorrotzak airea zailtasun barik mozteko; aldiz, hankak oso motzak dira eta horma bertikaletan atxikitzeko balio dute, lurrean edo azalera horizontaletan ibiltzeko balio ez dutenak. Apodidae izen zientifikoak "oin barik" esan nahi du greziera hizkuntzaz, eta familia honen hanka eta oin oso laburrei egiten die aipu.
Familia honetako espezie guztiek hegoak gorputzarekiko oso luzeak izateaz gain, puntan bukaturiko hego zorrotzak ere badituzte, igitai forma edo ilargi-erdi forma hartzen dituztenak. Morfologia honen arrazoia igitai herraminta ebakitzailea beraren arrazoi bertsua da, alegia airea esfortzu handirik gabe moztu; airean distantzia handiak ibili eta denbora luzez hegan bizitzeko funtsezko ezaugarria dena. Oso abiadura handiak har ditzakete airean, bai hegaldi bertikaletan (erorietan) eta baita ere horizontaletan. Familiako espezie handienek 100 km/h-ko abiadura gainditzen dute hegaldi horizontaletan, errekorra Hirundapus caudacutus espeziearen 169 km/h izanik,[4] hegaldi horizontalean munduko hegazti bizkorrena bihurtuz.[5][6]
Sorbeltz arruntak berak ere 112 km/h-ko abiadura har dezake hegaldi horizontalean.[4] Espezie honek urte bakar batean 200.000 km baino gehiago ibili ditzake eta bizitza osoan 2 milioi km inguru.[7] Airean lo egiten duten espezieak, sorbeltz arrunta kasu, 2.000 metrotik gora igotzen dira (hodeien gainetik normalean) eta hegoen astindua moteldu egiten dute harraparien arreta ez deitzeko.[8] Lo egiten duten bitartean ez diote hegan egiteari uzten, hau berme burmuinaren hemisferio bat esnatuta mantenduz lortzen dute, alegia, burmuinaren zati bat (hemisferio bat) lokartu egiten da eta bestea erne mantendu egiten da,[9] lo egiteko teknika hau ez dute sorbeltzek bakarrik erabiltzen, beste hainbat animalia urtarrek ere (bereziki zetazeoek edo itsas ugaztunek) eta migrazio luzeetan dauden beste hegazti espezie batzuek ere darabilte.
Tamaina
aldatuSorbeltzen tamaina Collocalia troglodytes espezie txikienaren 9 cm luze eta 5,4 gramoko pisutik Hirundapus celebensis espezie handienaren 25 cm luze eta 180 gramoko pisuraino doa.[10]
Ekolokalizazioa
aldatuKobazuloetan bizi diren apodido espezieek haitzulo sistema ilun horietatik hegan egiteko ekolokalizazioa darabilte.[10] Ikerketa berri baten arabera Aerodramus papuensis espezieak ere bere gaueko migrazioetan ekolokalizazioa erabiltzen ei du, haitzuloetatik kanpo dagoen guneetan beraz.
Taxonomia
aldatuTaxonomoek Apodidae eta Hemiprocnidae familietako hegaztiak kolibrien (Trochilidae) gertuko ahaide bezala sailkatuak dituzte, hau Jungornithidae (sorbeltzen antzekoak ziren kolibrien ahaideak) ordena fosilaren eta Eurotrochilus izeneko antzinako kolibrien generoaren deskubrimenduarekin sostangatzen dute. Taxonomia tradizionalak kolibrien familia (Trochilidae) Apodidae eta Hemiprocnidae familien ordena berean sailkatzen du (Apodiformes); Sibley-Ahlquist taxonomiak, 1960 hamarkadaren amaieran eta 1980 hamarkadan zehar DNA-DNA hibridazioan oinarritzen zenak,[11] kolibrien talde hau Trochiliformes izeneko superordena batean sailkatu zuen, baina zenbait adituk Trochilidae, Apodidae eta Hemiprocnidae familien arteko antzekotasun anatomiko oso handiak direla eta bereizketa hau arbuiatu eta ordena berean jartzearen alde egin zuten.[12][13]
Sorbeltzen taxonomia nahiko zaila da sailkatzea, batez ere Hemiprocnidae (zuhaitz-sorbeltzak) familakoa, baina Apodidae (benetako sorbeltzak) familia ere ez da libratzen. Portaeraren eta bokalizazioen ikerketa zaila egiten da eboluzio paralelo komunagatik eta morfologiaren ezaugarri batzuen ikerketek zein DNA-sekuentzia anitzen ikerketek emaitza akastunak eta kontraesankorrak jaurti dituzte zenbait kasutan.[14]
Apodiformeak Eozenoan zehar dibertsifikatu ziren, Eozenoaren bukaeran gaur egungo familiak dagoeneko presente zirelarik. Europa epel osoko genero fosilak ezagutzen dira, gaur egungo Danimarkatik Frantziaraino doan eremu geografikoan. Horien artean Scaniacypselus[15] genero primitiboa eta modernoagoa den Procypseloides generoa daude. Primapus antzinako generoa ere batzutan sorbeltzekin lotzen da, sorbeltzen urrutiko arbasoa izan daitekelarik.
Espezieak
aldatu100 apodido (benetako sorbeltzak) espezie inguru daude, normalean 2 azpifamilia eta 4 tributan sailkatuak. Cypseloidinae azpifamiliak tribu bakarra du eta Apodinae azpifamilia 3 tribuz osatuta dago:
- Cypseloidinae azpifamilia
- Apodinae azpifamilia
- Collocalini tribua:
- Hydrochous gigas
- Collocalia esculenta
- Collocalia linchi
- Collocalia troglodytes
- Aerodramus elaphrus
- Aerodramus francicus
- Aerodramus unicolor
- Aerodramus mearnsi
- Aerodramus infuscatus
- Aerodramus hirundinaceus
- Aerodramus spodiopygius
- Aerodramus terraereginae
- Aerodramus brevirostris
- Aerodramus rogersi
- Aerodramus vulcanorum
- Aerodramus whiteheadi
- Aerodramus nuditarsus
- Aerodramus orientalis
- Aerodramus palawanensis
- Aerodramus salangana
- Aerodramus vanikorensis
- Aerodramus pelewensis
- Aerodramus bartschi
- Aerodramus inquietus
- Aerodramus sawtelli
- Aerodramus leucophaeus
- Aerodramus ocistus
- Aerodramus maximus
- Aerodramus fuciphagus
- Aerodramus germani
- Aerodramus papuensis
- Schoutedenapus myoptilus
- Schoutedenapus schoutedeni
- Chaeturini tribua:
- Mearnsia picina
- Mearnsia novaeguineae
- Zoonavena grandidieri
- Zoonavena thomensis
- Zoonavena sylvatica
- Telacanthura ussheri
- Telacanthura melanopygia
- Rhaphidura leucopygialis
- Rhaphidura sabini
- Neafrapus cassini
- Neafrapus boehmi
- Hirundapus caudacutus
- Hirundapus cochinchinensis
- Hirundapus giganteus
- Hirundapus celebensis
- Chaetura spinicauda
- Chaetura martinica
- Chaetura cinereiventris
- Chaetura egregia
- Chaetura pelagica
- Chaetura vauxi
- Chaetura chapmani
- Chaetura brachyura
- Chaetura andrei
- Apodini tribua
- Aeronautes saxatalis
- Aeronautes montivagus
- Aeronautes andecolus
- Tachornis phoenicobia
- Tachornis furcata
- Tachornis squamata
- Panyptila cayennensis
- Panyptila sanctihieronymi
- Cypsiurus balasiensis
- Cypsiurus parvus
- Tachymarptis melba - malkar sorbeltz
- Tachymarptis aequatorialis
- Apus alexandri
- Apus apus - sorbeltz arrunt
- Apus unicolor - sorbeltz unikolore
- Apus niansae
- Apus pallidus - sorbeltz arre
- Apus barbatus
- Apus berliozi
- Apus bradfieldi
- Apus balstoni
- Apus pacificus
- Apus acuticauda
- Apus affinis - sorbeltz txiki
- Apus nipalensis
- Apus horus
- Apus caffer
- Apus batesi
- Collocalini tribua:
Banaketa eta habitata
aldatuApodidoak Antartikan izan ezik kontinente guztietan daude. Ez daude poloetan edo poloetatik hurbil dauden latitude hotzenetan, ezta basamortu handi zein uharte ozeaniko askotan ere. Eremu epeletako sorbeltzak migratzaile handiak dira eta distantzia oso luzeak egiten dituzte beren migrazioetan, askok negua tropikoetan igaroz. Espezie batzuek denbora batez klima edo baldintza hotzetan biziraun dezakete beren jarduera zeharo pausatuz, hibernazio antzeko batean sartuz.[10]
Ugalketa
aldatuEspezie askok habia azalera bertikal batean listuaren laguntzaz atxikitzen dute, Aerodramus generoak gainera substantzia hau bakarrik erabiltzen du habia eraikitzeko, alegia listuz eraikitzen du bere habia inolako beste materialik gabe. Habia hauek oinarrizko osagaiak dira txori-habia zopari (enara-habia zopa izenaz ere ezaguna) testura emateko. Arrautzak 19-23 egunetan eklosionatu egiten dira eta txitek 6-8 asteren bueltan habia uzten dute. Emeak zein arrak arduratzen dira txiten zaintzaz.[10]
Apodidoen arrautzen tamaina paseriformeenen antzekoak dira, baina apodidoek paseriformeekin alderatuta errute txikiagoak eta inkubazio epe luzeagoak eta aldakorragoak dituzte. Arlo honetan sorbeltzek antza gehiago dute procellariiformes ordenako hegazti handiagoekin. Jaioatako hegazti berriak bere gurasoek baino pisu maximo handiagoa izatera hel daitezke; honela epe luzeagoei eutsi diezaiokete jan barik eta horrez gain lumen hazkundea moteldu dezakete malnutrizioa izanez gero. Apodidoek (sorbeltzek), itsas hegaztiek bezala, habia leku seguruetan eraikitzen dituzte, harrapariek zailtasun handiegiak dituzten lekuetan, horma bertikaletan kasu, baina era berean elikagai eta harrapakin gutxiagoko lekuetan. Paseriformeek aldiz kontrako estrategia erabili ohi dute, segurtasun gutxiagoko baina elikagai iturri handiagoko lekuetan eraikitzen dituzte beren habiak.[16][17]
Apodido espezie batzuk hiri eta herri inguruetara ohitu egin dira, sorbeltz arrunta horren adibide, espezie hauek eraikin eta egitura antropiko bertikalen zirrikituetan egiten dituzte beren habiak. Oso ohikoa da beraz hiri zein herri inguruetako etxola, zubi edo eraikin modernagoetan sorbeltzak umatzen ikustea, hori gertatu ahal izateko baldintza beharrezkoa da egitura horiek tamaina on bateko zirrikituak edo zuloak izatea eta harrapariengandik seguru egotea, alegia lurretik distantzia seguru batera dauden horma bertikalak egotea. Sorbeltzentzat pentsatutako habia artifizialak ere erabil ditzakete.
Elikadura
aldatuApodido guztiak intsektujaleak dira eta airean harrapatzen dituzte beren harrapakinak. Odonatuak, dipteroak, aireko araknidoak, afidoak (landare-zorriak), inurriak, erleak, liztorrak, lepidopteroak eta bere ahoan sartu dezaketen edozein artropodo hegalari (edo airean dagoena) harrapatzen dute.
Chaetura pelagica espezieak sarritan Hirundinidae (enarak) familiako hegazti intsektujaleekin batera sortutako talde mistoetan ehizatzen ditu intsektuak.[18]
Apodidoak hegazti garrantzitsuak dira intsektuen populazioen kontrolerako, txori hauek gabe intsektuen populazioak kontrolik gabe igoko ziren, horrek dakarren desoreka ekologiko, osasun arazo eta nekazaritza arloko galera ekonomikoekin.[19]
Harrapariak
aldatuApodidoek, hegazti azkarrak direnez eta denbora luzez airean mantentzen direnez, harrapari gutxi izan ohi dute. Habiak horma bertikaletan egiten dituzte harrapari lurtarrak ekiditeko eta lurrera jausi ezean ez dute lurreko harraparirik. Esan beharra dago apodidoen morfologia berezia dela eta, lurrera jausiz gero (azalera horizontal batean egonez gero) ezinezkoa edo oso zaila dutela berriro airea hartzea, hankak motzegiak dira eta hegoak luzeegiak lurretik edo azalera horizontal batetik abiatuta aireratzeko,[20] beraz lurrera erortzen badira zaurgarriak eta harrapakin errazak dira harrapari guztientzat, lurrekoentzat barne.
Lurrera erortzen ez badira, hegazti hegalari eta bizkor trebe hauen harrapari bakarrak hegaztiak dira, batez ere hegazti harrapari azkarrak; belatzak eta bestelako hegazti harrapari trebeak.
Giza-ustiapena
aldatuAerodramus fuciphagus eta Aerodramus maximus espezieek listu gogortuaz egindako habiak sukaldaritzarako erabiltzen dira Txinan gutxienez 400 urtetik hona. Txori-habia zopa egiteko erabiltzen dira batez ere habia hauek eta Txinan eta Asiako beste zenbait herrialdeetan jaki gozo gisa hartzen dira,[21] ustez gaitasun afrodisiakoa omen dutelako. Jaki gozo garesti honen gainustiapenak hegazti hauen populazioen gainbehera ekarri du.[22][23] Habia gehienak arrek eraikitzen dituzte 35 egunen bueltan. Sakonera gutxiko katilu formadunak dira eta haitzuloen horma bertikaletan atxikitu edo itsatsi egiten dituzte. Habiak elkarri lotutako filamentu edo harizpi formako listu-zementuaz (lehortzean arin gogortzen den listua) eraikitzen dituzte eta kaltzio, burdin, magnesio eta potasio iturri handiak dira.[24]
Mehatxuak
aldatuIntsektizidak eta nekazaritzan egiten den ustiapen intentsiboak intsektuen populazioaren gainbehera dakar eta intsektu kopuruaren beherakada hori mehatxu bat da txori familia honentzat. Intsektuak dira bere elikagai iturri bakarra eta beraz intsektuak desagertzen badira familia hau osatzen duten espezieak ere desagertuko dira.[25] Habitataren suntsipenak ere mehatxu larria suposatzen du familia honentzat, eta hiri zein herrietara ohitu eta moldatu diren espezieen kasuan eraikin edo horma zaharren zirrikituen estalketak zein urbanizazio modernoaren zirrikiturik gabeko arkitektura estiloak arrisku edo kalte bat suposatzen diete espezie hauei, habia egiteko aukerak murrizten dizkietelako.[25]
Markaturik gabeko eraikin edo egitura kristaldun gardenak eta energia sortzeko zenbait azpiegitura handi arrisku bat izan daitezke ere. Txori asko, tartean sorbeltzak, hiltzen dira urtero azpiegitura antropikoekin talka egin ondoren.
Kontserbazioa
aldatu1600. urtetik hona ez da apodido espezierik iraungitu[26] baina BirdLife International erakundeak hainbat espezie mehatxatu gisa sailkatuak ditu, hala nola Aerodramus bartschi espeziea "arriskuan" kategorian sailkatua du eta Aerodramus sawtelli, Apus acuticauda, Schoutedenapus schoutedeni, Aerodramus elaphrus eta Aerodramus leucophaeus espezieak "kaltebera" kategorian sailkatuak. Badaude beste 12 espezie ia mehatxatutzat hartzen direnak edo bere egoera erreala adierazteko datuak faltan dituztenak.[27]
Intsektuen gainbehera gelditzea eta animalia mota hauen egoera lazgarriari buelta ematea ezinbesteko neurria da sorbeltzen espezieak kontserbatu nahi badira. Horrekin batera habitaten kontserbazioa eta habia eraikitzeko aukerak bermatzea ezinbesteko neurritzat hartzen dira. Eraikinen hormetan edota zubi zein harresien horma bertikaletan zirrikutuak uztea eta hauek ez estaltzea komenigarria da, sorbeltzak ez ezik badaude beste animalia intsektujale batzuk zirrikitu horietaz baliatzen direnak ugaltzeko, hala nola enara espezie ezberdinak eta saguzarrak.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Apodidae (ITIS). .
- ↑ (Gaztelaniaz) Handbook of the Birds of the World - Lynx Nature Books. (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ (Ingelesez) Hasegawa, Masaru; Arai, Emi. (2018-08). «Convergent evolution of the tradeoff between egg size and tail fork depth in swallows and swifts» Journal of Avian Biology 49 (8) doi: . ISSN 0908-8857. (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ a b (Ingelesez) Supercharged swifts fly fastest. 2010-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «7 de junio: ¡Día mundial del vencejo!» AvesDeBarrio 2019-06-06 (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) SaberSabor. (2014-04-11). «Una vida de récord: los 10 hechos portentosos del vencejo» Saber Sabor - Turismo cultural, accesible y sostenible en La Mancha (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ (Ingelesez) Rundell, Katherine. (2019-08-15). «Consider the Swift» London Review of Books 41 (16) ISSN 0260-9592. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Vencejo común, el gran desconocido» Fundación Aquae (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) RTVE.es. (2021-11-13). «Los vencejos, los pájaros que duermen volando» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
- ↑ a b c d (Ingelesez) Collins, Charles T. (1991). Forshaw, Joseph, ed. Encyclopaedia of Animals: Birds.. London: Merehurst Press, 134–136 or. ISBN 1-85391-186-0..
- ↑ (Ingelesez) Sibley, Charles G.; Comstock, John A.; Ahlquist, Jon E.. (1990-03-01). «DNA hybridization evidence of hominoid phylogeny: A reanalysis of the data» Journal of Molecular Evolution 30 (3): 202–236. doi: . ISSN 1432-1432. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ «Downloadable Clements List — Clements Checklist» web.archive.org 2009-12-13 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ Thomassen, Henri A.; den Tex, Robert-Jan; de Bakker, Merijn A. G.; Povel, G. David E.. (2005-10-01). «Phylogenetic relationships amongst swifts and swiftlets: A multi locus approach» Molecular Phylogenetics and Evolution 37 (1): 264–277. doi: . ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ (Ingelesez) Mayr, Gerald. (2003-07). «A new Eocene swift‐like bird with a peculiar feathering» Ibis 145 (3): 382–391. doi: . ISSN 0019-1019. (Noiz kontsultatua: 2024-10-03).
- ↑ (Ingelesez) David; Lack, Elizabeth. (1951-10). «THE BREEDING BIOLOGY OF THE SWIFT APUS APUS» Ibis 93 (4): 501–546. doi: . ISSN 0019-1019. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Ingelesez) The American Naturalist 1982-12: Vol 120 Iss 6. University of Chicago, acting through its Press 1982-12 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Ingelesez) «Pete Dunne's essential field guide companion | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) GREFA. (2023-06-07). «El vencejo, un aliado imprescindible para la salud pública y el sector agropecuario» www.grefa.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Un ave con las patas tan cortas que si toca el suelo no puede volver a volar: consejos para salvar los vencejos, especie protegida» www.publico.es 2019-07-06 (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
- ↑ (Ingelesez) Hobbs, Joseph J.. (2004-11-01). «Problems in the harvest of edible birds' nests in Sarawak and Sabah, Malaysian Borneo» Biodiversity & Conservation 13 (12): 2209–2226. doi: . ISSN 1572-9710. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Ingelesez) Gausset, Quentin. (2004-08-01). «Chronicle of a Foreseeable Tragedy: Birds' Nests Management in the Niah Caves (Sarawak)» Human Ecology 32 (4): 487–507. doi: . ISSN 1572-9915. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ Marcone, Massimo F.. (2005-12-01). «Characterization of the edible bird’s nest the “Caviar of the East”» Food Research International 38 (10): 1125–1134. doi: . ISSN 0963-9969. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ Marcone, Massimo F.. (2005-12-01). «Characterization of the edible bird’s nest the “Caviar of the East”» Food Research International 38 (10): 1125–1134. doi: . ISSN 0963-9969. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Vencejo común» SEO/BirdLife (Noiz kontsultatua: 2024-10-05).
- ↑ del Hoyo, Josep; Elliott, Andrew; Sargatal, Jordi; Christie, David A.; de Juana, Eduardo (eds.). "Apodidae". Handbook of the Birds of the World Alive. Retrieved 10 September 2013.. Lynx Edicions.
- ↑ «Birdlife Data Zone» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).