Amaigabeko istorioa

Michael Enderen eleberria

Amaigabeko istorioa Michael Enderen libururik ospetsuena da. Jatorriz alemanez idatzi zen (jatorrizko izenburua Die unendliche Geschichte da) eta 1979an argitaratu zen. Narratibaren alorrean sailka daiteke, literatura fantastikoa, haur eta gazte literatura (SHU 82).

Amaigabeko istorioa
Datuak
IdazleaMichael Ende (1979)
Argitaratze-data1990
GeneroaFantasia, Haur eta gazte literatura
Jatorrizko izenburuaDie unendliche Geschichte
HerrialdeaAlemania
BildumaNarratiba
Orrialdeak434
FormatuaPoltsiko edizioa
ISBN- 84-330-0795-5 84-204-5538-5 - 84-330-0795-5
OCLC7460007
Euskaraz
IzenburuaAmaigabeko istorioa
ItzultzaileaAmaia Ugidos

1990ean euskarazko itzulpena argitaratu zuten Alfaguara & Desclée de Brouwer argitaletxeek. Amaia Ugidos itzultzailea izan zen.

Istorioaren haria aldatu

Istoriak Bastian Baltasar Bux mutikoaren istorioa kontatzen du. Bastianek bazterkeria eta jazarpena jasaten ditu eskolan, horrez gain aita baizik ez du gurasotzat, gehiegizko lanagatik semeari arreta gutxi eskaintzen diona. Egun batez, eskolako beste haur batzuengandik ihesean, liburu denda batean ezkutatzen da, Karl Konrad Koreander delakoak zaintzen duena. Bertan, jabea ohartu gabe liburu bat ebatsi eta eskolako ganbaran ezkutatzen da Bastian, liburua irakurtzeko asmoz. Liburuak 'Amaigabeko istorioa du izena'.

Liburua (bai fikzioan ageri dena baina baita Michael Endek idatzitakoa ere) bi koloretan inprimatua dago: zati batzuk letra gorriz eta besteak letra berdez. Koloreen bidez bereizten dira Bastianen mundu errealeko gertakariak eta ebatsitako liburuan ageri den mundukoak.

Bastianek, liburua irakurtzean, 'Fantasia' deritzon mundu fantastikoa deskubritzen du. Mundu horren agintari gorena Haur Enperatriza delakoa da, nahiz eta haren agintea berezi xamarra izan, biztanle orok nagusitzat izanagatik ez baitu agindurik ematen. Bastianek liburuan irakurritakoaren arabera, Fantasia arrisku larrian dago, ezereza agertu baita bertako hainbat erreinutan eta aldi berean Haur Enperatrizak eritasun misteriotsu bat baitu. Bi gertakari horiek loturik egon daitezkeelakoan, Haur Enperatrizaren aholkulariek irtenbidea topa dezala agintzen diote Atreyu belar itsasoetako mutiko gazteari. Xedean lagungarri izanen zaiolakoan AURYN domina eskaintzen diote, Haur Enperatrizaren ikurra eta beraz Atreyu haren ordezkari egiten duena.

Liburuak Atreyuren bilaketa eta Bastianek Fantasiarekiko sortzen duen harremana azaltzen du. Bestalde, idazleak hainbat gai aztertzen ditu kontakizunean zehar, desioen izaera, nahiaren eta beharraren arteko talka, nortasunaren bilaketa, norbere burua ezagutu eta onartzearen zailtasuna, irudimenaren ahalmena baina mundu erreala ez ahanztearen garrantzia, etab.

« Bastianek Bitxiaren ifrentzuko idazkia erakutsi zion lehoiari.

— Zer esan nahi du? —galdetu zuen—. "Egizu nahi duzuna". Gogoak ematen didana egin dezakedala esan nahi du, ezta?

Bat-batean Graogramanen aurpegia guztiz ilundu zen eta haren begiak sutan piztu ziren.

— Ez —esan zuen ahots sakon durunditsuz—. Zure Egiazko Borondatea egin behar duzula esan nahi du. Zailagorik ez da.

— Nire Egiazko Borondatea? —errepikatu zuen Bastianek txunditurik—. Zer da hori?

— Zure sekreturik sakonena da, ezagutzen ez duzuna.

— Eta nola aurki dezaket, orduan?

— Desiren bideari jarraituz, desiraz desira, azkenekora heldu arte. Bide horrek eramango zaitu zure Egiazko Borondatera.

— Ez dirudi oso zaila —iritzi zion Bastianek.

— Bide guztietan arriskutsuena da —esan zuen lehoiak.

— Zergatik? —galdetu zuen Bastianek—. Ez naiz beldur.

— Ez da hori kontua —burrunba egin zuen Graogramanek—. Bide horrek zintzotasunik eta arretarik handiena galdegiten du, beste ezein bidetan ez baita hain erraza betiko galtzea.

»

—Amaigabeko isorioa, Michael Ende


Kanpo estekak aldatu

  Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.