Airelinea
Airelinea, hezgakin-linea, aire konpainia edo hegazkin-konpainia bidaiariak edo karga airez garraiatzen dituen enpresa da.
Airelineen mundua konplexua da. Badaude bidaiariak eta karga modu erregularrean garraiatzen dituzten konpainiak. «Charter» izeneko enpresak ere badaude, bezeroak edo bezero-taldeak euren artean adostutako moduan garraiatzen dituztenak.
Baderadun lineak
aldatuAire-linea askok tokiko gobernuaren akzio-partaidetza dute; horiei banderadun lineak deitzen zaie, eta, oro har, etxe-hegaldien monopolioa dute. Herrialde batzuek banderadun airelinea bat baino gehiago dituzte, esaterako Japonian, All Nippon Airways (ANA) eta Japan Airlines Hala ere, beste herrialde batzuentzat hegazkin-linea nazionala lortzea oso neketsua izan da. Horren adibide, Nigeriako Nigeria Airways, Dominikar Errepublikako Dominicana de Aviación, Peruko Aerolineas Peruanas edo Venezuelako Avensa konpainiak.«Banderako airelinea» ez da beti enpresa erabat publikoa; estatuak partaidetza handia duen enpresak izan daitezke.
Hori da Aerolineas Argentinasen kasua, berestalizatu aurretik Estatua akziodunen % 10aren jabe zen. Bandera-airelinea asko pribatizatu egin dira merkatua liberalizatuz eta ohiko airelineen ordez beste batzuk agertzea eraginez. Adibidez, Espainian, Iberia airelinea pribatizatu zutenean, Air Europa, Spanair edo Air Plus Comet bezalako konpainiak sortu ziren. Aire-garraioa liberalizatu arren, zenbait herrialdetan konpainia tradizionalek merkatua erabat menperatzen dute eta normalean, ez dute lehiakiderik izaten. Honen adibide diran, Kolonbiako Avianca, Frantziako Air France, Txileko LAN Airlines edota Italiako Alitalia konpainiak.[1]
Europako airelineak
aldatuHasierakoak
aldatu- Holandan KLM airelineak 1920an egin zuen lehen hegaldia, eta etengabeko funtzionamenduan dagoen munduko airelinea zaharrena da. Albert Plesman hegazkinlariak ezarria. Bere lehen hegaldia Croydoneko Aireportutik Amsterdamera izan zen, bi kazetari britainiar eta hainbat egunkari eramanez. 1921ean, KLMk zerbitzu programatuak hasi zituen.[2]
- Alemanian sorturiko Deutsche Luftschiffahrts-Aktiengesellschaft (DELAG) munduko lehen airelinea izan zen.[3] 1909ko azaroaren 16an sortu zen, gobernuaren laguntzarekin, eta "The Zeppelin Corporation" enpresak egindako aireontziak erabili zituen.[4] Frankfurten zuen egoitza. Deutsche Luft-Reederei izan zen airea baino hegazkin astunagoak erabili zituen lehen airelinea.[5] 1919ko otsailean hasi zen lanean, eta 1921ean, airelinea honen ibilbideak Herbehereak, Eskandinavia eta Baltikoko Errepublikak hartzen zituen. Alemaniako beste airelinea garrantzitsua 1921ean lanean hasi zen Junkers Luftverkehr izan zen. 1924an banandutako konpainia bihurtu zen Junkers aireontzi egilearen atala zen.[6] Hegazkin-konpainia bateratuak zituen Austria, Danimarka, Estonia, Finlandia, Hungaria, Letonia, Norvegia, Polonia, Suedia eta Suitzan.[7]
- Erresuma Batuan 1916an sortutako Aircraft Transport and Travel izan zen hegal finkodun hegazkinekin aritu zen lehen konpainia.[8] Enpresa hau British Airways modernoaren aitzindaria izan zen. Fuselajean bi bidaiari eramateko moldaturiko biplano militar zaharren flota bat erabiliz sorospen-hegaldiak egin zituen Folkestone eta Gante artean. 1919ko uztailaren 15ean, konpainiak proba-hegaldi bat egin zuen Mantxako Kanala zeharkatuz Hendoneko RAF eta Parisko Le Bourget aireportuen artean. Hegaldiak 2 ordu eta 30 minutu iraun zuen bidaiari bakoitzak 21 £ ordaindu zuen.[9] 1919ko abuztuaren 25ean, konpainiak zerbitzu erregular bat hasi zuen Hounslowetik Le Bourgetera, nazioarteko lehen zerbitzu erregularra sortuz. 1919ko azaroan, Hawkinge eta Kolonia arteko aireko posta zibileko lehen kontratua irabazi zuen. Urte horretan bertan, Handley Page Transport konpainiak 12 bidaiarirentzako Londres-Paris zerbitzu bihurtutako bombardero bat erabili zuen.[10]
- Frantziako lehen airelinea Société des lignes Latécoère izan zen gerora Aéropostale izenez ezaguna.[11] 1918ko amaieran Espainiara lehen zerbitzua ematen hasi zen. 1919ko amaieran, Toussus-le-Noble aireportutik Ingalaterrako Londonetik gertu dagoen Kenley aireportura programatutako zerbitzuak eskaintzen zituen. Garai berean Louis-Charles Breguet hegazkin diseinatzaileak Compagnie des Messageries Aériennes izeneko airelinea sortu zuen[12]Parisko Le Bourget eta Lilleko Lesquin aireportuaren arteko posta eta karga zerbitzua eskaintzeko.
- Finlandian, 1923an, Aero O/Y (orain Finnair) ezartzen duen charter konpainia sortu zen. Lehen hegaldia Helsinki eta Estoniako hiriburua den Tallinn hirien artean izan zen.
- Sobietar Batasunean, Aire Flota Zibilaren Administrazio Nagusia 1921ean ezarri zen. Bere lehen ekintzetako bat Errusiatik Mendebalderako aire-garraioa eskaintzeko Deutsch-Russische Luftverkehrs AG (Deruluft) enpresa germaniar-errusiarra sortzen laguntzea izan zen[13]. Aire-zerbitzu nazionala ia aldi berean hasi zen, Dobrolyot 1923an Mosku eta Nizhni Novgorod artean lanean hasi zenean. 1932tik operazio guztiak Aeroflot izenarekin burutu dira.
Europako lehen hegazkin-konpainiek erosotasuna (bidaiari-kabinak zabalak izaten ziren askotan, eta luxuzko barrualdeak izaten zituzten) bultzatzen zuten, abiadura eta eraginkortasuna baino gehiago. Pilotuen nabigazio-gaitasunak, une hartan oinarrizkoak, klimak eragindako atzerapenak ere ohikoak zirela esan nahi zuen.
Arrazionalizazioa
aldatuBritainia Handian 1924an Instone Air Line Company, British Marine Air Navigation, Daimler Airway eta Handley Page Transport enpresen uztarketatik, Imperial Airways sortu zen[14] Frantzia eta Alemaniako airelineek beraien gobernuengandik diru-laguntza handiak jasoz egiten zuten konpetentzia gogorrari aurre egin ahal izateko. Airelinea aitzindaria izan zen mundu osoan aireko ibilbideak irekitzen, Britainiar Inperioko urruneko aldeei zerbitzua ematekomerkataritza eta integrazioa hobetuz. 1925eko apirilean, "The lost world" filma Londres-Paris ibilbidean proiektatu zuten. Hegazkin-hegaldi erregular batean bidaiariek ikusi zuten lehen filma izan zen.[15]
Alemaniako Deutsche Lufthansa airelinea 1926an sortu zen, Aero Lloyd (DAL)[16] eta Junkers Luftverkehr[17] enpresen bateratzearen ondorioz. Lufthansak, Junkers empresaren ondareari esker, Europatik kanpoko airelineetan inbertsio handia egin zuen, Varig eta Avianca airelineei kapitala emanez. Junkers, Dornier eta Fokkerrek eraikitako hegazkin alemaniarrak munduko aurreratuenen artean zeuden une horretan. [18]
Hedapena
aldatu1926an, Alan Cobham hegazkinlariak lehenbiziko hegaldia egin zuen Erresuma Batutik Hegoafrikako Lurmutur Hiriraino eta handik gutxira beste proba-hegaldi bat egin zuen Melbournera, (Australia). Beste ibilbide batzuk ere egin ziren India Britainiarrera eta Ekialde Urrunera. 1927an hasi ziren Kairo eta Basorako zerbitzu erregularrak eta 1929an luzatu ziren Karatxiraino.
Londres-Australia zerbitzua 1932an inauguratu zen eta zerbitzu gehiago ere ireki ziren Kalkuta, Rangun, Singapur, Brisbane eta Hong Kong-eko bidaiarientzat. Imperial Airways airelinaren hegazkinak txikiak ziren, gehienak 20 bidaiari baino gutxiagorentzako eserlekuekin. 500.000 bidaiarik baino ez zituzten erabili 1930eko hamarkadan. Gehienak administrazio, negozio edo ikerketa kolonialaz arduratzen ziren gizonak ziren. Pertsona dirudunentzako zerbitzua zen.[19]
Air France eta KLM airelineen hasierako hazkundea, neurri handi batean, urruneko jabetza kolonialekin zerbitzu-loturen beharren mende egon zen: Ipar Afrika eta Indotxina frantziarrentzat eta Ekialdeko Indiak nederlandarrentzat. Frantziak aireko posta-zerbitzu bat hasi zuen Marokora 1919an. Aéropostale izena jarri zioten zerbitzu horri, eta diru-laguntza eman zioten nazioarteko garraio-enpresa garrantzitsu bihurtzeko. 1933an, Aéropostalek kiebra jo zuen, nazionalizatu egin zuten, eta Air France airelinarekin fusionatu.[20]
Alemaniak koloniarik ez bazuen ere, mundu mailako zerbitzuak zabaltzen hasi zen. 1931n, Graf Zeppelin gidagarria Alemania eta Hego Amerika artean bi asterik behin programatutako bidaiarien zerbitzu erregularra eskaintzen hasi zen. 1936an, Hindenburg zepelina bidaiarientzako zerbitzuan sartu zen eta Atlantikoa 36 aldiz zeharkatu zuen 1937ko maiatzaren 6an Lakehursten (New Jersey) istripua izan aurretik. 1934ko otsailetik 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen arte, Deutsche Lufthansak Stuttgartetik, Kanariar Uharteetatik eta Mendebaldeko Afrikatik Brasilgo Natalera aire bidezko posta zerbitzua eskaini zuen. Hau izan zen airelinea batek hegaldi transozeanikoa egin zuen lehen aldia.[21]
1930eko hamarkadaren amaieran, Aeroflot munduko airelinea handiena bihurtu zen, 4000 pilotu eta 60 000 pertsona baino gehiago enplegatzen zituen zerbitzuko langile gisa. 3000 hegazkin inguru erabiltzen zituen, eta horien %75 zaharkitutzat jotzen ziren bere irizpideen arabera. Sobietar garaian, Aeroflot Errusiako abiazio zibilaren sinboloa zen, hegazkin konpainia bakarra zelako. 1956ko irailaren 15ean, Tupolev Tu-104 hegazkinarekin mantendutako jet erregularreko zerbitzuak eskaintzen zituen munduko lehen airelinea bihurtu zen.[22]
Desarautzea
aldatu1990eko hamarkadaren hasieran Europar Batasunak aire-espazioa desarautzeak berebiziko eragina izan zuen bertako industriaren egituran. EasyJet eta Ryanair bezalako airelinea "ekonomikoak" ohiko airelinea nazionalen kaltetan handitu ziren askotan ibilbide labur batzuetan.
Aer Lingus edo British Airways bezalako airelinea nazionalak pribatizatzeko joera ere egon zen. Beste batzuek, batez ere, 2008ko hasieran petrolioaren prezioek izan zuten igoera azkarrarekin sufritu zuten. Adibide bat Italiako Alitalia izan daiteke.[23] Finlandiako airelinea handiena den Finnairrek, ez zuen istripu larririk izan 1963tik, eta bere segurtasunagatik ezaguna da.[24]
Airelinea motak
aldatuOrokorrean, airelineak jarduten duten ibilbide sarearen tamaina eta euren hegaldi maiztasunen arabera sailka daitezke:
- Eskualdeko airelineak: Edukiera ertain-txikiko hegazkinak dabiltza, ibilbide laburretan, demanda apalekoak edo maiztasun-altukoak. Normalean, hegaldi lokalak besterik ez dituzte egiten, eta gutxi batzuetan nazioartekoak; kasurako, Alaska Central Express edo Alpine Air Express. Kostu baxuko airelinea gehientsuenak multzo honetan sartuta daude.
- Sareko airelineak: Tamaina askotako hegazkin mota asko dituen flota zabalak lan egiten du, eskualdeko hegazkin txikietatik kontinentez gaindiko hegaldietarako jumboetaraino. Distantzia luzeko hegaldiak distantzia ertain eta laburreko hegaldiekin konbinatzen dituen sare bat dute bereizgarri, konexio-zentroen ereduaren arabera. Bandera airelinea gehienak eta tradizionalak mota honetan sartzen dira.
- Eskala handiko airelineak: Batez ere, iraupen luzeko edo dentsitate handiko hegaldiak egiten dituzte munduko nazioarteko aireportu nagusienen artean, eta, kasu batzuetan, kontinente guztietako hegaldiak hartzen dituzte, Antartikakoak izan ezik. Edukiera handiko hegazkinak dituzte. Horren adibide dira Emirates, United Airlines, American Airlines, Avianca edo LAN Airlines.
Airelinea batzuk talde jakin batean sailkatzea ez da erraza, izan ere, bere bilakaera kontuan hartuta, bat baino gehiagotan egon daitezke. Eskala handiko edo sareko airelinea askok beraien marka tokiko hegazkin-konpainiei frankiziatzen diete, beraien tokiko hegaldien sarea bete dezaten, bereziki 100 eserleku baino gutxiagoko edukierako hegazkinekin.[25]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Puppio, Fernando. (2022-10-17). «¿Para qué sirve una aerolínea de bandera hoy en día?» Gaceta Aeronautica (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Ingelesez) «KLM Royal Dutch Airlines: a short history of the oldest airline still in service - AeroTime» www.aerotime.aero 2022-06-30 (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ (Ingelesez) «DELAG: The World's First Airline» Airships.net (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Ingelesez) published, Tim SharpContributions from Kimberly Hickok. (2022-03-01). «World’s First Commercial Airline | The Greatest Moments in Flight» Space.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Alemanez) «DEUTSCHEN LUFT-REEDEREI» www.airticketshistory.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ (Ingelesez) «Junkers Luftverkehrs AG» hugojunkers.bplaced.net (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ «Junkers Luftverkehrs AG» hugojunkers.bplaced.net (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ (Ingelesez) «British Airways - Information Page» www.britishairways.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Transporte y viajes de aeronaves» es.wikibrief.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Motum, John. (1990-08-03). The Putnam Aeronautical Review. Naval Institute Press ISBN 978-0-87021-610-7. (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ (Frantsesez) «Dans le rétro : Latécoère, quand la France partait à la conquête du ciel...» Franceinfo 2021-03-03 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) «Compagnie Des Messageries Aériennes/Air Union Ticket Weinstock | National Air and Space Museum» airandspace.si.edu (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Petrov, Nikita. (2023-06-23). «‘Deruluft’, la compañía aérea soviético-alemana que operó aviones en los años 20 (Fotos)» Russia Beyond ES (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ (Ingelesez) «Imperial Airways – Historic Croydon Airport Trust» www.historiccroydonairport.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) Farley, Lloyd. (2023-12-27). «This Monster Flick Was the First Ever In-Flight Movie» Collider (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) Fleet list of Deutscher Aero Lloyd AG (1923-1926) – European Airlines. 2010-06-17 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Alemanez) «Verein Junkers Luftverkehr» www.junkers-luftverkehr.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) Group, Lufthansa. «History» Lufthansa Group (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) Pirie, Gordon. (2009-03). «Incidental tourism: British Imperial air travel in the 1930s» Journal of Tourism History 1 (1): 49–66. doi: . ISSN 1755-182X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Frantsesez) «Quelques dates» Site de memoire-aeropostale ! (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) Corporation, Bonnier. (1933-02). Popular Science. Bonnier Corporation (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
- ↑ (Ingelesez) The Worlds First Jetliners - Aviation History - Century of Flight. 2019-10-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) «Alitalia Future Hinges on Rescue Package – DW – 09/07/2004» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) January 5, Editorial Team |; Business, 2019 9:41 am |; Nation. «Finnair is the Safest Airline in the World» Finland Today | News in English | finlandtoday.fi (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Barten, Martijn. (2024-01-01). «Industria de las aerolíneas: ¡Todo lo que necesita saber sobre el sector de las aerolíneas!» Revfine.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).