Ahozapia edo ezpainzapia ezpainak eta aho inguruak garbitzeko baliatzen den oihalezko pieza karratu edo errektangularra da. Izenean zapi osagaia agertzen bada ere, egun gehien baliatzen direnak paperezkoak dira.

Ekialde Urrunean, Egipton eta Grezia klasikoan, pertsonaia ahaltsu batzuek bakarrik zerabilten ezpainzapia. Erroman, oturuntzara nork bere etxetik zapi zuri soil bat zekarren, aurpegia garbitzeko. Geroago, Erdi Aroan, zamau edo amantalak bete izan zuen ezpainzapiaren eginkizuna eta, gainera, janaria amaiturik, oihala urratu eta puskatan ebakirik, nork bere kondarrak etxera eramateko baliatzen zuen, zakuto modura, egun modan jarri den ohitura horren aitzindari.

Errenazimentuan arrosa-urez lurrinduriko lihozko zapiak hedatu ziren ahaltsuen jauregietako orritsetan: mahaikideek lepoan zeramaten, korapilo edo brotxe batez bermaturik, lepoko luxukoak babesteko: horren ondorengoa dugu egungo gorbata.

Aresti arte, jana hatzekin hartu izan denez, eskuak garbitzeko erabili da batez ere ezpainzapia eta, oturuntza luzeetan, adibidez, zapiak behin eta berriro aldatzen zitzaizkien mahaikideei. Gurean, Ilustrazioak eta Kakao Konpainiak (XVIII. m) ekarritako oparotasunaren ondorioz, txokolatea edo kafea hartzeko berariazko oihaltxoak baliatzen zituzten handikien etxeetako gonbidatuek.

Egun, gero eta gehiago erabiltzen da paperezkoa, bai etxetik kanpo baita etxean bertan ere, oihalezkoak ospakizunetarako gorderik.

Zapia lepoan lotzea kasu bakar batean onartzen du etiketak: itsaskia, kuskugabeturik, hartzeko.

Kanpo estekak aldatu