Adam Laxalt

abokatu estatubatuarra

Adam Paul Laxalt (Reno, Nevada, AEB, 1978ko abuztuaren 31) euskal jatorriko abokatu eta politikari estatubatuarra da. 2015etik Nevadako fiskala nagusia da, eta 2018ko gobernadore izateko hauteskundeetan, Alderdi errepublikanoko hautagaia da.

Adam Laxalt

Nevada Attorney General (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaReno1978ko abuztuaren 31 (45 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Familia
AitaPete Domenici
AmaMichelle D. Laxalt
Hezkuntza
HeziketaGeorgetown University Law Center (en) Itzuli
Naval Justice School (en) Itzuli
Georgetowngo Unibertsitatea
Tulane Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakabokatua
Zerbitzu militarra
Adar militarraAmeriketako Estatu Batuetako Itsas Armada
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa

adamlaxaltforag.com
Facebook: Adam.Laxalt Twitter: AdamLaxalt Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Paul Laxalt gobernadore eta senatari izandako eusko-estatubatuarraren biloba da Adam Laxalt, amaren partetik (Michelle D. Laxalt, Paulen alaba). Guraso bakar gisa hazi zuen amak, bere izena emanez, eta ez zen publikoki jakin bere aita Mexiko Berriko senatari Pete Domenici zela 2013. urtea arte[1]. Washington hirian hazi zen, amak han egiten baitzuen lana, lobby kudeatzaile gisa.

Tulane Unibertsitatean hasi zen ikasketak egiten, baina alkoholarekin arazoak zituela eta, bi urteren buruan Georgetown Unibertsitatera aldatu zen. Zuzenbidean titulu bat lortu ondoren, Washington-en lan egin zuen Estatu Departamentuan lehenbizi, eta ondoren John Warner Virginiako senatariaren bulegoan[2].

Bizitzak eta lanak Nevadatik urruti mantendu zuen, 2012an bertako abokatu bulego batean lanean hasi zen arte. Handik gutxira jakinarazi zuen amak Adamen aitatasuna, eta batzuen iritziz urrats horiek (Nevadan lanean hastea eta aitatasuna argitzea) ezinbesteko maniobra goiztiarrak izan ziren politikan karrera hasteko. Euskal deitura hori Nevadari hain lotua egotea ezinbestekoa izan zaio, eta agintari errepublikano batek Politico agerkariari adierazi zion bezala, "Adam Smith balu izena, karrera politikoa hau txantxetakoa litzateke, baina Laxalt du izena"[2][3].

Alderdi Errepublikanoan eskuineko jarrerak defenditzen ditu Laxaltek. "Benetako ultra" deritzo Iñaki Galdos analista politikoak[3]. Alderdiko eskuin muturreko sektoreekin lotura onak ditu. 2014ko Nevadako fiskal nagusirako hauteskundeetara aurkeztu zenean Dick Cheney presidenteorde izandakoaren aldekotasun publikoa jaso zuen; diru bilketan, besteak beste, John Bolton eta Newt Gingrich eta 2018an Koch anaiak omen dira bere emaile handienetakoak. Ted Cruzen alde egin zuen 2016ko errepublikanoen primarioetan, eta National Rifle Association elkartearekin harremanak izan ditu.

Eusko-estatubatuarrekin harremana aldatu

Nevadako eusko-estatubatuarrekin dituen harremanez, batzuen iritziz "euskaldun jatorriaz ere atzo goizean" ohartutakoa da[3], eta orain kontrakoa erakusten saiatzen den arren, askorentzat itxurakeria hutsa besterik ez da bere jarrera. 2015etik, bere hautagaitza batzorde politikoak antolatuta, Basque Fry edo "sutegi euskalduna" egiten du urtero Laxaltek, Gardnervilleko arrantxu batean[4][5]; euskaldun zein guztientzat irekitako ebento politiko errepublikano bat da, hizlariekin eta entretenimenduarekin hornitutako herri bazkari bat (55 dolar sarrera), finantziaziorako ere balio diona.

2018ko gobernadorerako kanpainan, Laxalt familiako beste kide batzuek (Kristin eta Monique Laxalt lehengusinek) publikoki bere kontrarioaren alde egin dute[6], Steve Sisolaken alde. Sisolaken bozeramaile Christine Amestoyk eskertu egin zuen agiri batean Laxaltar horien babesa[6]. 2014ko kanpaina batean ere zenbait laxaltarrek gutun bat egin zuten publiko Adamen aurkaria babestuz[7].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Reeve, Elspeth. (2013-02-20). «Senator Had a Secret Son With Pundit Who Praised Him as a Great Dad» The Atlantic (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
  2. a b (Ingelesez) «Who is Adam Laxalt?» POLITICO Magazine (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
  3. a b c Galdos, Iñaki. «Laxalt berria» Berria (Berria) (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
  4. (Ingelesez) «Basque Fry celebrates integrity, hard work and values: Weise» Reno Gazette Journal (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
  5. (Ingelesez) «Adam Laxalt's Basque Fry: '2018 is a huge year for all of us'» Reno Gazette Journal (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
  6. a b CNN, Kyung Lah,. «Another political family feud emerges, this time in the Nevada governor's race» CNN (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).
  7. (Ingelesez) «Doing what’s best for Nevada - Las Vegas Sun Newspaper» lasvegassun.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-03).