Palestina (eleberri grafikoa)

''Palestina'' (eleberri grafikoa)» orritik birbideratua)

Palestina Joe Saccok idatzi eta marraztutako ez-fikziozko eleberri grafiko bat da, Zisjordanian eta Gazako zerrendan 1991ko abendu eta 1992ko urtarrila artean bizi zituen esperientziei buruzkoa. Lan honetan, Saccok komiki moduan egindako kazetaritza-lan baten bidez erakusten du palestinar herriaren historia, bai eta nolako egoera zailean bizi den ere, bai maila indibidualean, bai kolektiboan. Saccoren lana gaur egungo munduko gatazka luze eta konplexuenetako bati buruzko dokumentu etnografiko aparta da, eta Ekialde Hurbilak egungo geopolitikan duen garrantzia ulertzen ere laguntzen digu.

Palestina (eleberri grafikoa)
Jatorria
Egilea(k)Joe Sacco
IzenburuaPalestine
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
ArgitaletxeaFantagraphics Books (en) Itzuli
OCLC50841111
Ezaugarriak
Genero artistikoakomikia
Hizkuntzaingelesa

Palestina bederatzi liburukiko komiki-sail modura argitaratu zen lehen aldiz, 1993tik 1995era, Fantagraphics Books argitaletxe iparramerikarraren eskutik. Geroago, argitaletxeak lan osoa bi liburukitan bildu zuen (Palestina: herri okupatua eta Palestina: Gazako zerrendan), eta 1994an eta 1996an argitaratu zituen, hurrenez hurren. 2001ean, Fantagraphics argitaletxeak liburuki bakar batean eta Edward Saiden hitzaurrearekin berrargitaratu zuen, eta 2007an berriz, egilearen aitzinsolasa eta testu eta marrazki berriak dituen edizio hedatuan.

1996ean argitaratutako bi liburukiko bertsioak Before Columbus fundazioaren urte horretako American Book Award saria irabazi zuen.[1] Lan hau Art Spiegelman komikigile estatubatuarraren Maus eleberri grafikoarekin konparatu izan da, Saccoren lanak ere sozialki eta politikoki oso korapilatsua den gai bat bikain lantzen duelako, komikiak formatu bezala dituen mugen baitan.

Eleberri grafiko hau, euskaraz, 2023ko abenduan argitaratu zuen Astiberri argitaletxeak, Julen Gabiriak itzulita, Edward Saiden hitzaurrearekin.[2][3]

Haria aldatu

Liburuak bi hilabeteko denbora-tartea biltzen du, 1991ko amaieratik 1992ko hasierara, baina hainbat gertakariren atzerabegirakoak ere egiten ditu, hala nola arabiarren kanporatzeaz, Intifadaren hasieraz, Golkoko Gerraz eta beste hainbat. Sacco Zisjordaniako eta Gazako zerrendako palestinarrekin bildu zen denbora honetan, eta lanak leku horietako eguneroko bizitzaren xehetasunetan jartzen du arreta handia. Liburuko eszena gehienak Saccok palestinarrekin izandako elkarrizketak dira, eta elkarrizketa hauen bidez kontatzen dira liburuko gertakariak.

Saccok hainbat orritan marrazten ditu lurralde okupatuetako ageriko pobrezia eta miseria. Narratzaile nagusia Sacco bera den arren, batzuetan beste pertsonaiei beren historiak kontatzen uzten die, etenik eta interpretaziorik gabe. Irudi gehienek Sacco, beste pertsonaiak eta ingurunea alboko ikuspegitik erakusten dituzten arren, beste irudi askok eszena "subjektiboki" aurkezten dute, Saccoren ikuspegitik. Beste irudi batzuek airetiko ikuspegia ere erabiltzen dute, palestinar iheslari-esparruak edo Jerusalem hiria erakusteko, adibidez.

Liburuan, Saccok badaki bera Ekialde Hurbilera bere estatubatuar irakurleek ezagutzen ez duten errealitate bat ezagutzera doan mendebaldar bat dela. Saccok ez dio bere buruari gezurrik esaten eta badaki ezin duela ikusle "neutral" gisa ikusezinarena egin eta inongo eraginik ez izan bere inguruko gertakarietan. Aitzitik, bere rola onartzen du eta egoera horretan duen esperientzia pertsonalari ematen dio garrantzia. Saccoren helburua gertakariei buruzko informazioa biltzea eta palestinarrak elkarrizketatzea den arren, lurralde okupatuetako errealitateak eragina du beregan, eta azkenean manifestazioetan, hiletetan, eta errepide-blokeoetan parte hartzen du eta gertaera hauek ere komentatzen ditu, baita soldaduekin izandako topaketak ere. Liburuaren bukaera aldera oraindik ere aktiboagoki erlazionatzen da bere ingurukoekin, izan ere, janaria eta ostatua elkarbanatzen ditu elkarrizketatzen dituen palestinarrekin, eta Gazako zerrendan dagoela haiekin batera etxeratze-agindua urratu ere egiten du.

Liburuan, Saccok Joseph Conraden bi liburu aipatzen ditu, Mendebaldetarren begiradapean eta Ilunpeen bihotzean, baita Edward Saiden Orientalismoa ere, bizitzen ari den egoeraren eta kolonialismoaren artean loturak ezartzeko. Liburuaren amaiera aldera, israeldar batek bere ikuspuntua kontutan ez duela hartu aurpegiratzen dionean, Saccok erantzuten dio israeldar ikuspuntua bizitza osoan zehar barneratu duena izan dela, eta Israel ongi ezagutzeko beste bidaia bat egin beharko zukeen arren, ez zela hori bera hor egotearen arrazoia.

Erreferentziak aldatu

  1. "Newswatch: Joe Sacco Wins an American Book Award for Palestine," The Comics Journal #188 (July 1996), p. 8
  2. «Palestina. Euskarazko Edizioa» www.astiberri.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  3. Ereñaga, Amaia. «Joe Saccoren ‘Palestina’ nobela grafiko ikonikoa euskarara ekarri du Astiberrik» Naiz (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).

Kanpo estekak aldatu