Wikiproiektu:Informatika/SEModuak3

Sistema eragileak, non kokatzen diren aplikazioaren eta hardwarearen artean.

Sistema eragilea software bat da eta programekin eta datuekin osatzen da. Sistema eragileak konputagailuaren hardwarea kudeatzen du, eta askotariko software aplikazioak efizientziaz exekutatzeko zerbitzu komunak eskaintzen ditu.

Sistema eragile baten oinarrizko helburuak eta ikuspuntuak bi dira, elkarren artean erlazionaturik badaude ere: batetik makina-mailakoak baino funtzionalitate ahaltsuagoak eskaintzea programei eta programatzaileei, eta bestetik, baliabideen kudeaketa orekatu eta eraginkorra. Lehen helburua sistema-deiek betetzen dute, horretarako, sistema-dei horien kodea definitu behar da, baina hori egiterakoan baliabideen kudeaketa orekatua eta eraginkorra hartu behar da kontuan. Era berean, kudeaketa egokia ziurtatzeko sinkronizazio/komunikazioa eduki behar da kontuan.

Sistema eragilea beharrezkoa da erabiltzailea konputagailuarekin komunikatzeko. Hardwarearen funtsezko kudeaketa oso konplexua da, hori dela eta, sistema eragileak sistemaren ulermena eta erabilpena errazten du erabiltzailearentzat.

Makinaren zehaztasunak alde batera utziz, oro har, baliabideak kudeatzeko aukera eskaintzen duen softwarea da. Mota honetako softwarea, mikroprozesadoreak erabiltzen dituzten sistema gehienetan aurki dezakegu, hala nola, telefono mugikorretan, DVDak ikusteko sistemetan, konputagailutan eta abarretan.

Moduak aldatu

Aplikazioak ez dira prozesadorearen agindu guztiak erabiltzeko gai izan behar; aitzitik, sistema eragileak instrukzio horiek guztiak erabili ahal izatea ezinbestekoa da. Hori horrela izanik, hardware fabrikatzaileek eskuarki bi operazio modu dituzten prozesadoreak eskaintzen dituzte: erabiltzaile modua (ez pribilegiatua) eta gainbegirale modua (pribilegiatua).

  • Erabiltzaile modua:

Modu hau ez pribilegiatua da eta aplikazioek exekutatu ditzaketen agindu multzoari dagokio. Modu ez pribilegiatu honetan exekutatu daitekeen agindu bilduma hori prozesadoreak eskaintzen dituen agindu guztien azpimultzo bat da. Beraz, erabiltzaile moduan prozesadoreak agindu kopuru mugatua soilik exekutatu ahal izango du, prozesuari esleitutakoak, hain zuzen ere, eta ezin du hardwarearekin elkar eragin.

  • Gainbegirale modua:

Modu hau pribilegiatua da eta Kernel modua ere deritzo. Prozesadorearen egindu multzo osora eta sistemaren errekurtsoetara sartzea ahalbidetzen du, ez du inolako murriztapenik sistemaren Kernelera sartzerako orduan; hortaz, modu ez pribilegiatuaren agindu multzoa ere du barne. Prozesadorearen agindu guztiak erabili ditzake, memoria osoa manipulatu, gailu-kontrolagailu guztiekin elkar eragin... Modu honetan exekutatzen da sistema eragilearen nukleoa.

Erabiltzailetik gainbegiralerako trantsizioa prozesadorearen agindu baten bitartez egiten da, INT (software bidezko etena) edota SYSCALL (sistema-deia) bitartez. Sistema eragileak, aplikazio bati prozesadore errekurtso bat esleitu baino lehen, prozesadorea modu ez pribilegiatuan jartzen du.