Txikipedia:Zurtoin
Zurtoina, landareetan, sustraitik gora lurretik gora hazten den zatia da, zilindro formakoa, adarrak eta hostoak ematen dituena. Landareari (adar, hosto, lore eta fruituei) eusten dio eta landareak bizirik irauteko behar dituen mantenugaiak eta ura sustraietatik hostoetaraino eta hostoetatik sustraietaraino garraiatzen laguntzen du, batzuetan baita fotosintesia egiten ere eta ugalketan ere parte hartzen du zenbait landareren kasuan. Erreserbat gordetzeko funtzioa ere izaten du, landareak sortutako substantziak edo ura gordez.
Zurtoinak oso tamaina desberdinekoak izan daitezke, baina, oro har, bi eratakoak izaten dira:
- Zurtoin zurkarak: gogorrak dira, zurezkoak, eta adarrak ematen dituzte. Zuhaitz eta zuhaixkenak izaten dira zurkarak, eta enbor izena ematen zaie. Altuak eta oso lodiak izan daitezke. Azal babesgarri bat izaten dute.
- Zurtoin belarkarak: bigunak eta finak dira eta kolore berdea izaten dute. Ez dira zuhaitzen enborrak bezain altuak izaten.