Zirkulazio-aparatuak oxigenoa eta elikagaiak eramaten ditu gure gorputzeko toki guztietara. Odolaren bidez egiten du garraio hori.
Gure gorputzeko zelulek oxigenoa eta elikagaiak behar dituzte funtzionatu ahal izateko. Horrenbestez zirkulazio-aparatuak arnasa hartzen dugunean hartutako oxigenoa eta jaten dugunean hartutako elikagaiak zelula guztietara eramaten ditu.
Adibidez, ariketa fisikoa egiten dugunean, gure gihar edo muskuluek oxigeno gehiago behar izaten dute. Horretarako, odolak azkarrago mugitu behar du gure odol-hodietatik, oxigeno hori azkarrago iritsiko bada muskuluetara. Horrelakoetan, bihotzak lan gehiago egin behar izaten du; hau da, azkarrago punpatu behar du odola, eta horixe da egiten duena taupadak bizkortzen dituenean.
Zirkulazio-aparatuaren elementuak
aldatuBihotza
aldatuBihotza odola gorputz osoan zehar mugiarazten duen motorra edo ponpa da. Bihotz-taupadek odolaren mugimendua sortzen dute.
Odola
aldatuOdola zirkulazio-aparatuan zehar mugitzen den likidoa da, arteria, zain eta kapilarretan zirkulatzen dena. Oxigenoa eta elikagaiak garraiatzen ditu, besteak beste.
Odol-hodiak
aldatuOdol-hodiak odola barruan duten konduktu txikiak dira; hodi horietatik zirkulatzen da odola. Gorputz osoan daude eta zelula guztietara iristen dira. Oxigenoa hartzen dute biriketan eta elikagaiak jasotzen dituzte hesteetan (eta gorputzeko toki guztietara eramaten dituzte). Odol-hodien artean, hiru mota nagusi daude:
- Arteriek bihotzetik ateratako odola garraiatzen dute.
- Zainek bihotzera doan odola garraiatzen dute.
- Kapilarrak arteriak eta zainak elkarri lotzen dituzten hodi finak dira. Haietan trukatzen dira odolak garraiatzen dituen substantziak eta gasak (oxigenoa eta karbono-dioxidoa).
Odolaren zirkulazioa
aldatuOdolak, bihotzak bultzaturik, gorputz guztian egiten duen ibilbideari deitzen zaio zirkulazioa. Ibilbide hori bikoitza da:
- Biriketako zirkulazioa: Odolak biriketatik pasatzeko egiten duen ibilbidea da. Fase honetan, bihotzean karbono dioxidoz kargaturik dagoen odola birika-arteriatik atera eta biriketara heltzen da; han, karbono dioxidoa uzten du eta arnasketan hartu dugun oxigenoaz kargatzen da; azkenik, bihotzera itzultzen da birika-zainetik.
- Zirkulazio orokorra: Odolak organismo osoan zehar (biriketan izan ezik) egiten duen ibilbidea da. Fase honetan, oxigenoz betetako odola bihotzetik irteten da aorta izeneko arteriatik eta gure gorputzeko atal eta zelula guztietara iristen da, oxigenoa garraiatuz; handik, karbono dioxidoa jaso eta bihotzera itzultzen da.
Odolaren ibilbidea
aldatu- Karbono dioxidoa daraman odola bihotzera heltzen da, eskuineko aurikulara; ondoren, bihotzak kaba zainetik barrena punpatzen du biriketaraino.
- Biriketan, odolak daraman karbono dioxidoa geratzen da, arnasketaren bidez gorputzetik kanporatzeko; eta arnasbideetatik iritsitako aireko oxigenoa hartzen du. Odol hori bihotzera doa gero, birika-zainetatik.
- Bihotzak odol "garbia" gorputz osora punpatzen du aorta izeneko arteriatik.
- Oxigenoa daraman odola heste meharretik pasatzen denean digestioan lortu ditugun mantenugaiak jasotzen ditu, oxigenoa eta mantenugaiak banatzen ditu gorputzeko zelulen artean, eta zelulek sortzen duten karbono dioxidoa eta hondakinak jasotzen ditu.
- Ondoren, Giltzurrunetara iristen da eta han iragazi eta garbitu egiten da; han utzitako hondakin gehienak gernu edo txizaren bidez kanporatzen ditugu, baina oraindik karbono dioxidoa darama. Odol "zikin" hori bihotzera doa gero, berriro zirkulazioari ekiteko.