Txikipedia:Txistu (musika tresna)

      Ikusi!


Juan Mari Beltran txistua jotzen.

Txistua aerofonoen familiako hiru zuloko flauta da.

Nolakoa da? aldatu

Txistua, esku bakarrarekin jotzen den hiru zuloko flauta zuzena da. Hiru zulo horiek tutuaren behealdean ditu, bi aurrean eta bat atzean.

Dokumentazio idatziak dioenez, antzina txistuak hezurrezkoak edota zurezkoak izaten omen ziren, gaur egungo xirularen antzera.

Azkenaldian plastikoa eta metala erabili izan badira ere, txistuak jatorriz zurez eginak dira. Gaur egun Afrikatik ekarritako ebano eta granadillo zurak erabiltzen dira eta hortik dator ezaguna zaigun kolore beltza. Aurretik, baina, bertako zurez egiten ziren, ezpelez esate baterako, eta horrexegatik txistu zaharrek kolore horixka izaten zuten. Zurezko tutua babesteko eta apaingarritzat metalezko eraztunak izaten dituzte. Ahokoa eta biseleko txapa ere metalezkoak dira. Beheko muturreko metalezko errefortzuari erantsirik, hatz nagia sartzeko eta txistua heltzeko eraztun bat dute.

Txistua kanpotik koniko xamarra bada ere, barrutik tutu zilindrikoa du, beste flauta arruntek bezala.

Nola jotzen da? aldatu

 
Txistulariak Gernikan.

Txistulariak esku batekin txistua jotzen du eta bestearekin besotik zintzilikaturik daraman danbolina. Horrela jole bakar batek musikaren doinua eta erritmoa aldi berean eskaintzen ditu.

Digitazio naturalaz bi zortziduneko eskala diatonikoa ematen du (hirutara ere ailega daiteke), baina zulo erdiak estaliz eta hatz txikiarekin tutuaren beheko zuloa erdi edo erabat itxiz eskala kromatikoa eman dezake.

Txistua euskal herri-musikan aldatu

Txistua dugu lehengo eta oraingo euskal herri musikan soinu-tresna zabalduena eta ezagunena. Herri txistularien errepertorioan kantuak aurki badaitezke ere, bereziki dantzarako doinuak jotzen dituzte. Erromerietako, plazako eta erritualetako dantza musikaz osatzen da musikari hauen errepertorioa. Prestakuntza akademikoa duten txistulariek kontzertuko piezen errepertorio zabala dute.

Bi estilo nagusi bereiz genitzake: “baserritarra-herrikoia” bata eta “kaletarra-eskolakoa” bestea. Musika garaikidea ere entzun daiteke txistu hotsez azken urteetan.

Noiz sortu zen ez badakigu ere, XIX. mende hasieratik aurrera txistulari talde finko bat, klasikoa kontsideratzen dena, agertzen zaigu: Txistu 1.a, txistu 2. (biak danbolinekin, edo danbolin eta bonbetearekin), silbotea eta atabala, gure garaietaraino iritsi den laukotea. Talde mota honek indar handia hartu zuen XX. mende hasieran eta aldaketa gutxirekin jarraitzen du gaur egun txistu talde ofizial gisa. Hego Euskal Herriko Udal handi eta Diputazio gehienek badute halako talde ofizial bana. Kontzertu eta dantza saio ugari eskaintzen dute urtean zehar.