👶
Jaiotza
K.a. 1341
Tell al-Amarna
💀
Heriotza
K.a. 1323
Menfis
🔨
Lanbidea
agintari
📷
Argazkiak
ikusi
Tutankamonen buruaren eskultura, Kairoko Museoa.

Tutankamon antzinako Egiptoko errege edo faraoi bat izan zen K. a. 1300 inguruan. Gaur egun, bere hilobian aurkitutako altxor ugariengatik da ezaguna.

Oraindik umea zela bihurtu zen faraoi, oso gazterik ezkondu zen, bai eta hil ere, 18 urte inguru zituela, hain zuzen ere. Bere emaztea Akenaton izeneko beste faraoi baten alaba zen eta faraoi hori antzinako Egiptoko erlijioa aldatzen saiatu zen. Hark egiptoarrek jainko bakarra izatea nahi zuen, jainko askoren ordez. Tutankamonek, aldiz, lehengo erlijioa eta jainko guztiak berriz ezarri zituen.

Hilobia eta altxorrak aldatu

Arkeologoek Egipto hegoaldeko mendi-hegal batean aurkitu zuten Tutankamonen hilobia. Leku hori Erregeen harana deitzen da (Tutankamonen garairako, faraoiak piramideetan lurperatzeari utzi zioten egiptoarrek).

Duela milaka urte, lapurrak Erregeen haraneko beste faraoi batzuen hilobietan sartu eta bertako altxor asko lapurtu zituzten; Tutankamonen hilobia, ordea, ez zuten ikusi, beste hilobi baten hondakinek sarrera estaltzen zuten eta.

 
Tutankamonen urrezko maskara ospetsua.

1922an, Howard Carter britainiar arkeologoak Tutankamonen hilobia aurkitu eta ireki zuen (arkeologo bat jendeak iraganean egindako gauzak aztertzen dituen zientzialaria da). Carterrek Tutankamonen momia edo gorpu kontserbatua aurkitu zuen hiru hilkutxako multzo baten barruan. Erdiko hilkutxa urre sendoz egina zen; faraoiaren aurpegiaren urrezko maskara batek estaltzen zuen momiaren burua. Hilobian beste objektu batzuk ere bazeuden, hala nola altzariak, estatuak, arropak, gurdi bat, armak eta bastoiak. Gaur egun, altxor horiek Egiptoko gobernuarenak dira eta Kairoko arkeologia-museoan daude.