Emakumeak truke-merkatu batean.

Trukea gauza bat eman eta haren ordez beste bat hartzea da; ekonomiaren esparruan, ondasun, produktu edo zerbitzuak dirurik erabili gabe eskuratzeko modu bat da. Hori gertatu ahal izateko, trukatzen diren gauzek antzeko balioa dutela adostu behar dute trukean parte hartzen dutenek.

Trukearen jatorria

aldatu

Trukea Neolito garaian existitzen zen jada, duela 10.000 urte inguru, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren agerpenarekin. Neolito aroa baino lehenago, gizakiak harrapakariak ziren, hau da, beraiek kontsumitzeko ehizatzen zituzten animaliak edo biltzen zituzten elikagaiak; eskuratzen zuten guztia behar-beharrezkoa zuten bizirik iraun ahal izateko, eta gainera azkar kontsumitu behar zuten, elikagaiak azkar hondatzen baitira; beraz, ezin zuten soberakinik eduki trukatzeko.

Neolitoan, aldiz, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren agerpenaren ondorioz, gizakiek soberakinak izaten zituzten batzuetan, bai eta denbora luzez kontserba zitezkeen elikagaiak eduki ere (gariak, arrozak eta horrelakoek denbora asko irauten dute hondatu gabe), edo jateko behar zituzten baino abere gehiago eduki zitzaketen. Soberakinak edukita, elikagai edo abere horiek trukerako erabiltzen zituzten, beste ondasun edo produktu batzuk eskuratzeko.

Bestalde, trukearen bidez eskura zitezkeen bizigaiak egonda, pertsona batzuek ez zuten nahitaez nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egin beharrik, eta beste produktu batzuk ekoizten jardun zezaketen, hala nola buztinezko ontziak, metalezko erremintak edo armak, eta beren produktuak nekazari edo abeltzainei eskaini haien soberakinen truke.

Horrela agertu zen lehen aldiz trukea, eta, harekin batera, jabetza pribatua eta aberastasuna. Izan ere, soberan dagoen ekoizpen kopurua aberastasunaren hasiera da: zenbat eta soberakin gehiago, orduan eta aberastasun gehiago.

Trukean oinarritutako harreman ekonomikoen erreferentzia ugari aurkitzen dira Mesopotamiako testu zaharretan, K.a. 6000. urtean. Merkataritzari buruzko lehen erreferentzia idatziak dira. Merkatari sumertarrek Mesopotamiako nekazaritza eta abeltzaintza oparoko produktuak aldatzen zituzten harri edo metal preziatuen, zur baliotsuen, espezien edo oihalen truke, adibidez. Merkatari horiek ibilbide luzeak ere egiten zituzten, eta haien eskutik hirien eta lurraldeen arteko truke ekonomikoak hasi ziren. Trukerako oinarrizko produktu bat gatza izan zen, hainbat funtzio betetzen baitzituen, batez ere janariak kontserbatzeko; hain garrantzitsua zen, non pertsona baten lana ordaintzeko ere erabiltzen baitzen gatza (hortik datoz, adibidez, gaztelaniazko “salario” hitza).

Diruaren agerpena

aldatu
 
Antzinako txanpon greziarrak.

Merkataritzaren garapenarekin eta kontsumo-ondasun gehiago egon ahala, truke-sistema oso praktikoa ez zela ikusi zen:

  • Batetik, trukearen bidez beti ez da aurkitzen nahi dugun produktua (adibidez, sandaliak egiten zituen artisau batek ogia erosi nahi bazuen, sandaliak behar zituen okin bat aurkitu behar zuen).
  • Bestetik, oso zaila izaten zen trukatu nahi ziren produktuen balioa zehaztea: zenbat artile eska daiteke ardo ontzi baten truke? Zein tamainakoa izan behar zuen pitxerrak? Behi batek gamelu batek adina balio zuen?

Bi arazo horiek konpontzeko, erreferentziazko produktu bat bilatu zen: salgai guztien balioak produktu horren arabera ezarriko ziren. Erreferentzia hori dirua da. Dirua, izan ere, trukeak errazteko balio duen bitarteko bat da. Pertsona guztiek adosten badute zein den diruak duen balioa, haren arabera erabakitzen da gainontzeko produktuen balioa ere.

K. a. 3000. urte inguruan, Mesopotamian, asiriarrak eta babiloniarrak urrea, zilarra eta beste metal batzuk (kobrea, brontzea eta burdina) erabiltzen hasi ziren trukerako bitarteko ondasun bezala. Denborarekin, urrea eta zilarra nagusitu ziren, abantaila batzuk zituztelako: urriagoak ziren eta, horregatik, baliotsuagoak; bestetik, beste metalak ez bezala, urrea eta zilarra ez dira hondatzen edo herdoiltzen, eta denbora luzez gorde daitezke. Gainera, ezin dira faltsifikatu. Bakarrik, balio bat eman behar zitzaion halako urre edo zilar kantitate bati, pisuaren arabera. Horrela sortu ziren metalezko txanponak, dirua alegia.

Dirudienez, K. a. VIII. mendean erabiltzen hasi ziren lehen txanponak ondasunak eta zerbitzuak ordaintzeko. Dena den, txanponen erabilera asko zabaldu bazen ere, gizarte pobreetan trukeak denbora luzez jarraitu zuen.

Trukea gaur egun

aldatu
 
Denboraren bankuaren agiri zahar bat.

Trukea ez da desagertu harreman ekonomikoetan. Are gehiago, teknologia berriei esker, Interneti esker bereziki, gero eta gehiago erabiltzen da gaur egun. Pertsona askok erabiltzen dituzte trukerako aplikazioak, ondasun edo zerbitzu batzuk beste batzuen ordez eskuratzeko. Erabiltzen ez ditugun gauzen bitartez nahi ditugun beste produktu batzuk eskuratzeko modu merke bat da.

Pertsonen artean ez ezik, enpresen artean ere zabaltzen ari da trukearen erabilera beraien arteko harreman ekonomikoetan. Trukea aukera on bat da, adibidez, enpresek saldu ezin dituzten produktuei irteera emateko prezioak jaitsi gabe.

Beste truke mota bat ere sortu da: denboraren bankuak. Denboraren bankuak parte hartzen dutenek era guztietako zerbitzu edo lanak egiten dituzte (itzulpenak, iturgintza-lanak, haur-zainketa, konponketak, etab.), baina ez diruaren truke, baizik eta lan-ordu batzuen truke; gero, denboraren bankuan "irabazi" dituzten orduen truke, bertan parte hartzen dituzten beste pertsona batzuen zerbitzuak jasotzen dituzte. Honelako sareetan, beraz, denbora da ordainketaren balio erreferentziala, dirua izan beharrean.