Akiles, bere garaipena ospatzen, Troiako gerran.

Troiako Gerra antzinako Greziako historian egondako gerra garrantzitsuenetako bat izan zen. Troiarren eta greziarren artekoa izan zen. Batez ere Iliada izeneko kontakizunari esker ezagutzen dugu, Homero izeneko antzinako poeta greziarrak idatzitako poema epikoari esker.

Troiako gerraren istorioak lilura handia eragin zien antzinako greziar eta erromatarrei. Gerra hori oso gai garrantzitsua izan zen antzinako literatura greziar eta latindarrean. Homerok egiazko istorioak kontatzen zituela pentsatzen zuten garai klasikoan (antzinako Grezian eta Erroman), Troiako gerra benetan gertatu zela.

Garai modernoagoetan, ordea, Homerok kontatutako guztia kontakizun mitologiko edo asmakeria literario bat baino ez zela, Troia hiria aurkitu gabe baitzegoen. Denbora luzez pentsatu zen hori. Hala ere, 1870ean, Heinrich Schliemann izeneko arkeologo alemana Troia bilatzen hasi zen Anatolia izeneko penintsulan, gaur egungo Turkian, Egeo itsasoko kostaldetik gertu. Arkeologo horrek antzinako hiri baten aztarnak aurkitu zituen; bilatzen jarraitu zuen eta ondorioztatu zuen hiri hura behin baino gehiagotan suntsitu eta berreraiki zutela. Osotara, badirudi K.a. 3000. urteaz geroztik eta antzinako Erromako garaia bitarte, bederatzi edo hamar aldiz berreraiki zutela hiri bat leku berean. Arkeologoen iritziz, antzinako greziarrek K.a. XII. mende inguruan suntsitu zuten hiria eta aurkitutako hamar hirietatik zazpigarrena izan liteke.

Horrek ez du esan nahi Homeroren obran agertzen diren gertaera guztiak egia direnik; nahiz eta gaur egungo historialari askok pentsatu Troia benetan existitu zela eta suntsitu zutela, badakite ez zela zertan Iliadan kontatzen den bezala gertatu.

Troiako gerra Iliadaren arabera aldatu

Literatur obra honen arabera, gerra hau Priamo Troiako errege zenean jazo zen. Paris, Priamoren semea, Helena izeneko emakume greziar batez maitemindu zen, eta ondorioz, gerra hasi zen.

Helena Espartako (Grezia) errege Menelaoren emaztea zen. Paris Greziara joan eta Helena maitemintzea lortu zuen. Parisek Troiara elkarrekin ihes egiteko konbentzitu zuen, eta ez zion Menelaori itzuli nahi izan. Greziarrek, Menelaoren anaia Agamemnon buru zutela, Troiaren aurkako erasoari ekin zioten.

Aliatu batzuei esker, Troiak hamar urtez egin zion aurre greziarren erasoei. Hala ere, greziarrek gerra irabazi zuten Troiako zaldia izeneko trikimailuari esker. Kondairaren arabera, greziarrek Atenearen laguntzaz egurrezko zaldi erraldoi bat eraiki zuten, barrutik hutsik zegoena. Soldadu greziar asko barnean ezkutatu ziren eta gainerakoek gerra-tokia abandonatzeko plantak egin zituzten. Troia ondoko irla batera joan ziren, zaldia atzean utzita.

Troiarrek hiri barnera eraman zuten zaldia Ateneari eskaintzeko. Gauez, greziarrak ontzietara itzuli ziren; bitartean, zaldiaren barnean zeuden gerlariak bertatik irten eta hiriko ateak ireki zituzten. Horrela lortu zuten greziarrek hiria konkistatzea eta suntsitzea. Priamo erregea eta haren semeak hil zituzten. Menelao Helenarekin batera itzuli zen Espartara. Odisean, Homeroren beste obran, greziar garaileetako batzuk Troiatik etxerako bidean bizitako abenturak kontatzen dira.