Troiako harresiak.

Troia Turkiako ipar-mendebaldean, Anatolia eskualdean eta Egeo itsasotik hurbil zegoen antzinako hiri bat zen. Hiri honek garrantzi handia du literaturan eta arkeologian. Izan ere, Troiako Gerra da gairik ezagunenetako bat antzinako greziar literaturan eta Mendebaldeko literatura klasikoan. Troia Homeroren Iliadan agertzen da, greziarren eta aspaldiko troiarren arteko gerra kontatzen duen poema narratiboan. Homeroren kontakizunean, greziarrek irabazi zuten, hamar urteko gerra luze baten ondoren, eta hiria suak suntsitu zuen.

Mende askotan, Iliadako Troia hura Homerok asmatutako hiri bat zela uste zen. Baina 1870ean, Heinrich Schliemann izeneko arkeologo aleman bat hiriaren bila hasi zen Turkian. Hisarlik izeneko leku batean, muino baten azpian, hainbat eraikinen hondakinak aurkitu zituen, eta gaur egun uste da Troia hiriaren hondakinak direla.

Badirudi, beraz, Troia hiria benetan existitu zela, K.a. 3000. urtetik K.a. V. mendera arte eta askotan suntsitua eta berreraikia izan zela. Horren ondorioz, hondakinetan, hainbat "geruza" historiko daude: Schliemannek eta haren ondorengo arkeologoek, guztira, bederatzi hiriren hondakinak aurkitu dituzte bertan, bata bestearen gainean eraikiak; historialariak ez daude ziur zein dagokion Iliadan kontatzen den istorioari, eta ez dakite ziur Homeroren lanean kontatzen den gerra benetan gertatu zen ala ez.

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen hondakinak 1998an. Çanakkale hiritik hurbil daude eta bisitatu egin daitezke; harresi gotorren eta dorreen hondakinak ikus daitezke bertan.