Trikitia edo eskusoinu txikia —zenbait euskalkitan, trikitixaaerofonoen familiako soinu-tresna da. Tresnari eta bere musikari ematen zaion izen onomatopeikoa panderoaren metalezko txinden “triki triki” hotsetik etor liteke. Soinu txikia edo infernuko hauspoa ere esan izan zaio.

Nolakoa da? aldatu

Zurezko bi kaxa ditu: bat melodia emateko botoiekin (eskuin eskuarekin jotzen dena) eta bestea laguntzeko nota eta akordeak ematen dituena (ezkerrarekin jotzen dena). Bien artean hauspoa dago. Bere sistemak ez du kromatikoen kasuan bezala eskala osoa ematen. Doinua jotzeko botoiek, aho-soinuak bezala, ixterakoan tonu bat eta irekitzerakoan bestea ematen dute; horregatik diatoniko esaten zaio.

Nola jotzen da? aldatu

Besoen eraginez hauspoa biltzean eta zabaltzean, tresnaren barruan dauden mihiek bibratzeko behar duten haizea sortzen da.

Noiztik jotzen da trikitia euskal herri musikan? aldatu

 
Trikitilaria eta panderojolea argazki zahar batean.

Esan izan da Alpeetatik Euskal Herrira trenbideetan lan egitera etorritako langile italiarrek eta frantsesek tresna hau haiekin ekarri zutela. Etorrera zehatza noiz eta nola izan zen ez badakigu ere, akordeoi txiki hau XIX. mendearen bukaeran indartsu sartu zen Euskal Herriko bazter guztietan, kaletar eta baserritar inguruetan. Baina baserri inguruan lortu zuen gaur egun duen herrikoi kategoria.

Txistu, alboka eta dultzaina bezalako soinu-tresna zaharren munduan sartu zen, neurri handi batean hauen errepertorioa bereganatuz. Trikitiaren polifoniarako eta harmoniarako baliabideek ukitu berezia eman zioten doinu haiei, eta musika estilo berri eta berezkoa sortu zen euskal herri musikaren barruan. Hau da gaur egun trikitia estilo bezala ezagutzen duguna.

Trikitia nola ikasten da? aldatu

Jotzaileek ikasteko erabiltzen duten modua oro har ez da akademikoa izan. Kasu askotan, soinu-tresna zaharragoak jotzen aritzen ziren familiak berak izaten ziren akordeoi hau hartu zutenak eta batzutan pertsona berak ziren soinu-tresna berrira pasatu zirenak. Belarriz ikasten zuten trikitilari zaharrek, eta gaur egun oraindik ere partiturarik gabeko sistemen bidez ikasten dute trikitilari askok, solfeorik gabe, alegia. Gaur egun trikitia ikasteko aukera ugari dago, musika eskola eta akademia ugaritan.

Trikitia beste zein tresnarekin jo izan da? aldatu

Ospe eta arrakasta handiena Gipuzkoa eta Bizkaia aldean lortu du, pandero eta koplaz lagundurik. Hau da trikitia talde tradizional ezagunena. XX. mendearen hasieran txirula eta atabalarekin taldea osatuz azaltzen zen, baita dultzaina eta panderoz lagundua ere. Berriki, estilo guztietako taldeetan aurki dezakegu.

Trikitirik fabrikatu al da Euskal Herrian? aldatu

Hasiera batean akordeoi hauek Europako beste herrietatik ekartzen baziren ere, XX. mende hasieran bertan egiteari ekin zioten. Marka ezagunenak Bilbon Zengotita eta Donostian Larrinaga eta Larrinaga-Guerrini izan dira. Azken horretan egindakoak izan dira zalantzarik gabe preziatuenak gure soinujoleen artean.

Jole eta talde ezagunak aldatu

Jole ezagun asko eman ditu trikitiak: Pedro Sodupe "Gelatxo", Jazinto Rivas "Elgeta", Rufino Arrola, Antonio Aranaga "Auntxa", Juan Garate "Maltzeta", Faustino Azpiazu "Sakabi", Iñaki Garmendia "Laja", Tomas Soraluze "Epelde", Juan Ramon Azpitarte "Imuntzo", Iñaki Malbadi, Luis Astiasaran, Joseba Tapia, Kepa Junkera, Xabier Aierdi "Zabale", Iñaki Zabaleta, Iker Goenaga, Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi, Xabi Aburruzaga...

Musikari hauek eta beste batzuk ezagun egin dituzten taldeak ere asko dira: Tapia eta Leturia, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Etzakit, Gozategi, Kupela, Lin Ton Taun, Korrontzi, Esne beltza, Gose, Huntza, Koban...

Gaur egungo egoera aldatu

Trikitia jaialdi, txapelketa, egun eta omenaldiak ugariak dira, eta hainbat festa, eske, erromeria eta kontzertutan tresna hau entzuteko aukera dugu. Euskal Herriko Trikiti Elkartea Zarautzen dago, eta sarean trikitiari buruzko informazio ugari biltzen du.