Time-lapse honetan, tornado bat nola sortzen den ikus daiteke.

Tornadoa ekaitz batean sortzen den haize-zurrunbiloa da. Ekaitza oso bortitza denean, haizeak norabidea alda dezake ziztu bizian eta batzuetan indar handiz biratzen hasten da. Orduan, abiadura handian biratzen den aire-inbutu moduko bat sortzen da, zatirik estuena lurretik gertu egonda eta zati zabalago bat goialdean, ekaitz hodeien ondoan.

Tornado baten haizeak Lurreko indartsuenak dira: 500 kilometro orduko abiadura izan dezakete. Haize bortitzak leku batetik bestera mugitzen dira, eta eraikin batzuk suntsi ditzakete, bai eta airean gauza astunak altxatu ere, autoak adibidez. Hala ere, tornado gehienek ez dute asko irauten eta ez dute kalte handirik eragiten.

Non eta noiz gertatzen dira? aldatu

Tornadoak, oro har, udaberrian eta udan gertatzen dira, arratsaldean, eta minutu batzuk baino ez dute irauten. Gainera, ekaitz elektrikoen zati txiki batek bakarrik sortzen ditu tornadoak. Batzuetan ekaitz elektriko bakar batek ekaitz elektriko batek hainbat tornado sortzen ditu, tornado familiak deitzen direnak. 2011ko apirilean 300 tornado baino gehiago sortu ziren Estatu Batuetako 15 estatutan.

Tornadoak Lurreko ia edozein lekutan gerta daitezke, baina askoz ohikoagoak dira Estatu Batuetan, bereziki Ordoki Handietan. Mexikon, Argentinan, Japonian, Australian edo Zeelanda Berrian ere gertatzen dira tornadoak. Europan, aldiz, oso gutxitan ikusten dira. Euskal Herrian, gutxitan sortu dira tornadoak, eta txikiak gainera. Kostaldeko leku batzuetan izan dira, baina oso denbora gutxi irauten dute, ez dira oso indartsuak eta ez dute kalterik eragiten.

Tornadoak bat-batean sortzen dira, beraz, oso zaila da noiz gertatuko diren jakitea. Tornado asko gertatzen diren tokietan, adituek minutu batzuk lehenago iragarri ditzakete, eta hori oso baliotsua izan daiteke bizitzak salbatzeko, jendeak azkar aurkitzen badu babesleku bat. Zerua ere ikus daiteke aldaketa batzuei adi egoteko: zerua oso ilun edo berde jartzen denean eta zarata ikaragarria entzuten denean, oso litekeena da tornado bat sortzea.

Gauza bera da tornadoa eta urakana? aldatu

Jende askok nahasten ditu tornadoak urakan edo zikloi tropikalekin, baina ez dira gauza bera. Tornadoak kontinenteen barruan hasten eta gertatzen dira, eta urakanak, berriz, itsasoan hasten dira. Gainera, urakanek zenbait egun iraun dezakete, eta tornadoek minutu batzuk baino ez.