Taliban armatuak armak itzultzen

Talibanak 1990eko hamarkadaren erdialdean Afganistango agintea eskuratu zuen talde erlijiozale eta politiko bat dira. "Taliban" hitzak "ikasle" esan nahi du paxtuneraz (paxtunera Afganistango hizkuntza ofiziala da). Taldea osatu zenean, kide gehienak islamdar erlijio-eskoletako ikasle ohiak ziren. Talibanak lege islamiar zorrotzak ezartzeagatik eta terrorismoaren alde egoteagatik egin ziren ezagun.

1978 eta 1992 artean, afganiar musulmanek gerra zibila egin zuten Afganistango gobernu komunistaren aurka. 1992an desegin zen gobernu komunista, eta hainbat talde elkarren aurka borrokatu ziren orduan herrialdeko agintea eskuratzeko. Talibanak izan ziren talde horietako bat. 1994an, talibanek Kandahar probintzia hartu zuten mendean, herrialdearen hegoaldean. 1996ko amaiera aldera, talibanek Kabul hiriburua hartu zuten, eta 2001erako Afganistango iparralde ia osoan agintzen zuten, zati txiki batean izan ezik.

Talibanen aurkako jarrera aldatu

Munduko gobernu gehienek ez zuten talibanen gobernua onartu. Oro har, ez zeuden ados talibanek xaria (islamiar legea) ulertzen zuten moduarekin. Talibanek martxan jarritako legeen arabera, neska eta emakumeek ezin zuten eskolara edo lanera joan, eta legeak hautsiz gero, zigorrak oso latzak ziren.

Gainera, talibanek babesa eman zieten hainbat terrorista islamiarri Afganistanen, Osama bin Ladeni esate baterako. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, talibanek ez zutenez Bin Laden Estatu Batuetara bidaltzea onartu, Estatu Batuek eta haren aliatuek Afganistan inbaditu zuten. 2001eko abenduan kendu zituzten talibanak boteretik.

Estatu Batuetako eta beste hainbat herrialdetako armadak Afganistanen geratu ziren urte luzez. Urte horietan zehar, talibanak herrialdeko agintea eskuratzeko borrokatzen jarraitu zuten, eta Pakistandik bideratzen zituzten beren jarduerak. 2021eko udan hasi ziren azken soldadu estatubatuarrak Afganistandik alde egiten. Afganistango armadak ezin izan zuen ekidin talibanek herrialdeko hainbat eremu mendean hartzea. Abuzturako, talibanak Kabul hiriburuan sartu eta herrialde osoa menperatzea lortu zuten. Harrezkeroztik, emakumeek beren eskubide ia guztiak galdu dituzte, ikasteko eskubidea edo etxetik kanpo lan egiteko eskubidea adibidez.