Sorginaren txabola izeneko trikuharria, Bilar (Araba).

Elezahar edo kondaira ahozko tradizioz transmititzen den narrazio herrikoia da, gertakari edo pertsonaia baten istorioa kontatzen duena, benetakoak edo irudizkoak diren kontagaiak erabiliz. Hori dela eta, mitoetatik desberdina da; izan ere, hauek jainkoen, heroien eta pertsonaia egiazko edo fantastikoen istorioak kontatzen dituzte, halako fenomeno jakin batzuk azaltzeko; adibidez, trikuharriak nork eraikitakoak ziren ez zekitenez, jendeak sorginen biltokiak zirela uste izaten zuten leku batzuetan.

Elezaharrak ahozko tradizioaren eta herri-folklorearen parte dira, hau da, belaunaldi batetik bestera ahoz transmititzen diren istorioak dira. Gaur ezagutzen ditugun elezahar asko noizbait idatziz jasota geratu zirelako ezagutzen ditugu, baina denen jatorria ahozkoa izaten da beti.

Kondairak benetan existitutako pertsonaia baten edo benetan izandako gertakari baten ondorioz sortzen dira, hain zuzen ere, jendearen interesa pizten dutelako. Interes hori dela eta, belaunaldi batek gertaera edo pertsonaia horiei buruzko istorioak kontatzen ditu; baina, sarritan, denbora pasatu ahala, narrazio horietan elementu fantastikoak edo alegiazkoak sartzen dira. Nahiz eta elementu fantastikoak izaten dituzten, askok jarraitzen dute pentsatzen kondairak benetakoak direla, eta horregatik ipuin soiletatik bereizi egiten dituzte.

Elezahar mota desberdinak daude: historikoak, beldurrezkoak, kondairak, haurrentzakoak, etab. Elezaharrek ipuin gisa entretenimendurako balio izateaz gain, beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte. Batzuetan, komunitate baten nortasun edo identitatearekin izaten dute zerikusia, narrazioa komunitate horren jatorria azaltzen saiatzen delako. Beldurrezko kondairek, aldiz, saihestu beharreko zenbait arrisku edo portaera desegoki kontatzen dituzte, jendea horiekin kontuz ibiltzeko.