👶
Jaiotza
1483ko apirilaren 6a
Urbino
💀
Heriotza
1520ko apirilaren 6a
Erroma
🔨
Lanbidea
margolari
📷
Argazkiak
ikusi
Rafaelen autorretratua (ezkerrean) "Atenasko eskola" margolanean ezkutatuta.

Rafael Errenazimentu garaiko margolari italiar bat izan zen, baina zenbait lan arkitektoniko ere egin zituen. Leonardo da Vinci eta Michelangelorekin batera, Errenazimenduko hiru margolari nagusienetako bat da. Raffaello Sanzio da Urbino zen haren izen osoa. 1483an jaio zen Urbino hirian, Italiako erdialdean, eta hogei urte soilik zituenean jada eginak zituen hainbat maisulan. Hogeita hamazazpi urte zituela hil zenean, jendeak jeniotzat hartzen zuen. Erroman hil zen, 1520an.

Rafael artista-familia batetik zetorren. Haren aita Giovanni Santi ere, margolari ospetsu bat izan zen. Rafael umezurtz geratu zen hamaika urte zituela eta Perugia hirira joan zen Perugino margolariarekin ikastera. Laster trebatu zen, haren maisuaren pintura-estiloa ia bikain kopiatzeko. Michelangelorengan eta garaiko beste margolari ospetsu batzuengan ere inspiratu zen. Oso gazte hasi zen ospea lortzen, eta 18 urterekin Umbria eskualdeko handiki garrantzitsuenen enkarguak jasotzen zituen.

Ospetsuago egin zenean, baina 21 urte zituela bakarrik, Florentziara joan zen Leonardo da Vinciren eta Michelangeloren lanak ezagutzeko. Hiri hartan, Ama Birjina eta Jesus Haurra azaltzen ziren koadro asko margotu zituen. Gai hori oso gogokoa zuen artistak, seguraski zortzi urte zituela ama galdu zuelako. Geroago, Julio II.a aita santuak deitu eta Erromara joan zen. Vatikanorako freskoak margotu zituen Jauregi Apostolikoan, aita santuaren egoitzan. Meritu izugarri handia zen hori 25 urteko gazte batentzat. Fresko horietako bat Errenazimenduko margolan ospetsuenetako bat da, Atenasko Eskola, hain zuzen ere. Margolan horretan antzinako Greziako filosofo garrantzitsuenak azaltzen dira, hala nola Pitagoras eta Sokrates. Dirudienez, filosofo horiek garaiko artistarik handienen aurpegiarekin margotu zituen (Heraklito, Michelangeloren itxurarekin eta Platon, Leonardo da Vinciren aurpegiarekin). Bitxitasun modura, bere autorretratua ere ezkutatu zuen margolan honetako pertsonaien artean.

Bestalde, santuak eta Bibliako eszenak agertzen ziren koadro asko ere margotu zituen. Adibiderik onena Madonna Sistina da. Aita santuak nahi zuen Rafaelek monasterio baterako koadro bat margotzea, 1512 inguruan. Monasterioan, aurreko aita santu baten erlikiak zeuden, hau da, Sixto IV.arenak. Jesus haurrarekin zegoen Mariaren koadro eder bat izan zen emaitza. Koadroaren behealdeko bi aingeru txikiak bereziki ospetsuak dira.

Rafael arkitekto garrantzitsua ere izan zen: 1514tik aurrera Vatikanoko San Petri basilikaren diseinuan lan egin zuen.

Rafaelen artelan batzuen argazkiak aldatu