Isobara-mapa bat. Lerro isobariko bakoitzak presio atmosferikoaren balioa dago idatzita. Behealdean antizikloia eta goialdean depresioa.

Presio atmosferikoa atmosferak bere barruan kokatuta dauden gorputz guztiei eragiten dien indar edo presioa da, norabide guztietan hedatzen dena. Bestalde, presio atmosferikoa magnitude fisiko bat da, bai eta presioa neurtzeko erabiltzen den unitatea ere.

Zergatik gertatzen da?

aldatu

Atmosfera ez dago hutsik, gasez osatuta dago, eta gas horiek pisua dute. Atmosfera osatzen duten gasek 5.500 bilioi tona pisatzen dute, gutxi gorabehera. Lurreko izaki bizidunok, ordea, ez dugu nabaritzen gure gaineko airearen pisu hori, gure organismoa presio horretara ohituta edo egokituta dagoelako eta, horri esker, arazorik gabe jasaten dugulako.


Presioa aldatzen al da?

aldatu

Beren pisuaren eraginez, atmosferako gasak beheko geruzetan pilatzen dira, atmosferako lehen 10 kilometroetan hain zuzen, eta gaineko geruzen pisua jasaten dute; horregatik, atmosferako beheko geruzak trinkoagoak dira, gas-partikula gehiago daudelako bolumen-unitate bakoitzeko.

Hori dela eta, atmosferaren dentsitatea eta presio atmosferikoa aldatu egiten da altueraren arabera. Horrela, gorantz joan ahala, presioa gutxitu egiten da; adibidez, 3.000 metroko mendi batean, presioa txikiagoa izaten da itsasoaren mailan dagoena baino. Presioa neurtzeko, barometroa deritzan tresna bat erabiltzen da.

Hain zuzen ere, presioaren unitate (1 atm) bezala itsasoaren mailan dagoen presioa hartzen da. Unitate hori baino handiagoa den presioari presio altua deitzen zaio, eta txikiagoa denari, berriz, presio baxua.

Bestalde, Lurreko leku bakoitzean dagoen tenperatura desberdinaren eraginez ere aldatu egiten da presio atmosferikoa. Airea berotzen denean, hura osatzen duten partikulak banatu eta gorantz hasten dira, haien atzean presio baxua utziz. Horrela presioaren beherakadak eraginda, halako depresio edo borraska batzuk sortzen dira Lurrazalaren inguruetan, zeinetan presioa baxuagoa izaten baia gune horien erdian. Aire hotza, aldiz, trinkoagoa eta astunagoa izaten da, eta beherantz jaisteko joera du, haren azpian dagoen aireari presio handiagoa eraginez. Horrelakoetan, presio altuak edo antizikloiak gertatzen dira, zeinetan presioa altuagoa baita gune horien erdian.

Presio atmosferikoaren aldaketa horizontal hauen bidez sortzen da haizea; izan ere, atmosferak presio desberdinak berdintzeko joera naturala izaten du, eta horretarako aire-masak mugitu egiten ditu leku batetik bestera. Normalean, airea presio altuko lekuetatik presio baxu dagoen lekuetara mugitzen da, eta airearen mugimenduari haize deitzen diogu.

Historia pixka bat

aldatu

Presio atmosferikoa 1643an neurtu zuen, lehen aldiz, Evangelista Torricelli izeneko fisikari italiar batek. Horretarako, honako esperimentua egin zuen:

Metro bateko luzera zuen beirazko hodi edo tutu mehe bat hartu zuen, mutur bat itxia zuena, eta merkurioz bete zuen. Gero, hodiaren mutur irekia merkurioz beteta zegoen ontzi batean sartu zuen; hodi barruko merkurioa kanpora irteten hasi zen, baina ez zen erabat hustu, haren barruan 760 mm geratu baitziren.

Torricellik hori azaldu zuen esanez hodia ez zela hustu aireak ontziko merkurioari eragiten dion presioak eragotzi egiten duelako; hau da, ontziko merkurioak jasaten duen presio atmosferikoa berdindu egiten da hodi barruan dagoenarekin, eta bi presio horiek orekan daudenean, hodian dagoen merkurioak kanpora irteteari uzten dio.

Esperimentu horretako 760 mm horiek hartzen dira presio normaltzat, barometroarekin neurtzen denean. Presio baxuak, beraz, 760 mm baino gutxiagokoak dira; eta presio altuak, aldiz, 760 mm baino handiagokoak.