Uraren azaleko tentsioa, materiale fisiko baten ezaugarri neurgarria.

Magnitudea neur daitekeen edozein ezaugarri da. Objektu bat deskribatzeko aukera bat haren ezaugarriren bat aipatzea da, kolorea, forma edo gogortasuna, adibidez. Halakoetan haren ezaugarri edo adjektibo bat erabiltzen da (gorria den, biribila, biguna, etab.).

Badira ordea propietate fisiko jakin batzuk deskribatuak izateko zenbaki edo kopuru bat behar dutenak. Propietate hauek magnitudeak dira. Adibidez, objektu bat hartzean kilogramo baten pisua 10 bider pisatzen duela egiaztatzen bada, bere pisuaren magnitudea 10 kg-koa litzateke. Objektuaren altuera metro batek duenarena hiru bider bada berriz, bere altueraren magnitudea hiru metrokoa litzateke.

Erreferentzia bezala aukeratu den unitatea edo patroia (kiloa, metroa) objektuak zenbat bider duen kontatuz magnitudea zehaztea ahalbideratzen duen prozedura honi, neurketa deritzo.

Neurketa egiteko unitatea arbitrarioki aukera daiteke, nahi dugunaren arabera; adibidez, koaderno baten luzera neur daiteke esanez arkatza baino hiru aldiz luzeagoa dela; kasu horretan, koadernoa 3 arkatz luze dela esango genuke. Beste pertsona batek, ordea, koaderno berbera beste unitate batez neur dezake (beste arkatz batekin, adibidez) eta luzera bera 6 arkatz dela esango luke: hor ez dago inolako kontraesanik, gertatzen dena da bigarren pertsona horren arkatza agian bi aldiz txikiagoa dela, eta horregatik arkatz gehiago sartzen direla koadernoaren luzeran; koadernoak tamaina bera izaten jarraitzen du, noski, baina neurketa-unitate ezberdinak, hau da, patroi ezberdinak erabili direnez, kopuru ezberdinak lortzen dira.

Horixe bera da antzinatean gertatzen zena: populazio edo herrialde bakoitzak patroi edo neurri ezberdinak erabiltzen zituzten, eta beraz neurketetan lorturiko emaitzak ezberdinak izan zitezkeen, magnitude bereko objektuak neurtzen ibili arren.

Horren eraginez, elkarren artean emaitzak komunikatzea zailagoa gertatzen zen eta nahasmena sortzen zuen. Arazo hori konpontzeko, 1960an, nazioarteko sistema adostu bat sortu zen, unitate patroiak eta beraien multiplo eta azpimultiploak zehazteko. Horrela erabaki zen, adibidez, luzera neurtzeko neurketa-unitatea metroa izango zela nazioarteko komunitate osoarentzat.