Nazioen Ligako kideen mapa

Nazioen Liga Lehen Mundu Gerra (1914–18) irabazi zuten herrialdeek sortutako erakunde bat zen. Ligak leku bat izan behar zuen herrialdeen arteko gatazkak hitz eginez argitzeko, borrokan aritu ordez. Hala ere, ez zen izan Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) ekiditeko behar bezain eraginkorra.

Nazioen Ligaren lehen bilera Suitzako Geneva hirian egin zen 1920an, eta 42 herrialderen ordezkariak egon ziren bertan. Beste 20 herrialde baino gehiago ere sartu ziren Ligan beranduago. Woodrow Wilsonek, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, bere herrialdea Ligan sartzea nahi zuen. Estatu Batuetako Kongresuak, ordea, ez sartzea erabaki zuen, eta beraz, ez ziren Ligako kide izan.

Nazioen Ligaren helburua gerrak ekiditea zen. Gerraren bat sortu zezaketen liskarrak Ligan eztabaidatzea adostu zuten herrialde kideek. Gainera, istiluak sortzen zituzten herrialdeei aurka egitea ere erabaki zuten. Horrez gain, herrialdeen arma kopuruak murrizten ere saiatu zen Liga.

1920ko hamarkadan, Ligak herrialdeen arteko hainbat gatazka konpondu zituen. 1930eko hamarkadan, ordea, arazo berri ugariri egin behar izan zion aurre: Japoniak, Italiak, eta Alemaniak beste herrialde batzuk inbaditu zituzten, eta Liga ez zen hori ekiditeko gai izan. Inbasio horien ondorioz, Bigarren Mundu Gerra hasi zen.

Liga ez zen gai izan gerra hori eragozteko, eta horrek argi utzi zuen ordurako ze erakunde ahula zen. Ez zen Nazioen Ligaren bilerarik izan gerrak iraun zuen bitartean, eta gerra amaitu ostean, 1946an, erakunde berri batek ordezkatu zuen, Nazio Batuen Erakundeak.