Txikipedia:Musugitarra

Tronpa edo musugitarra.

Musugitarra edo tronpa musika-tresna bat da, zehazki, idiofonoa. Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan oso zabaldurik dago. Europan guimbarda eta mundu zabalean jew´s harp (juduen harpa) izenekin ezagutzen da nagusiki.

Nolakoa da? aldatu

Euskal Herrian jo izan den tronpak metalezko giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko uztai sasi zirkularra da. Muturretan, paraleloki bi beso ateratzen zaizkio kanpoaldera. Bi beso horien erdian, hatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat du.

Nola jotzen da? aldatu

Tronparen bi “beso” horiek ezpainen artean, hortzen kontra jartzen dira. Soinu-tresnaren mihiari eragitean, ahoa erresonantzia kaxa gisa erabilita eta beronen barruko espazioa aldatuz, tonu desberdinak lortzen dira.

Musugitarra euskal herri-musikan aldatu

Soinu-tresna txiki eta sinple hau Euskal Herrian asko jotzen omen zen XX. mendera arte. Mende horren hasieran jotzaile batzuk geratzen ziren Gipuzkoan eta Bizkaiko Durangaldean. Hain zuzen, garai batean Durangoko jendeari “tronperriko” esaten omen zieten, bertan tronpak egiten baitziren, eta jo ere bai.

Tronparekin dantzarako musika eta kantuari laguntzeko doinuak jotzen ziren, gehien bat.