Txikipedia:Microsoft Windows

   Artikulua entzun!

Windows

Microsoft Windows sistema eragile komertzial bat da, ordenagailu pertsonaletarako. Askotan, Windows izen soilarekin deitzen da. Sortu zenetik, hainbat bertsio argitaratu dituzte. Horietatik lehen bertsioa Microsoftek 1985. urtean aurkeztu zuen, eta urte gutxian konputagailu pertsonalen merkatu mundiala bereganatu zuen.

2010eko hamarkadara arte, Windows sistema ordenagailuetan soilik erabiltzen zen. Ordutik, ordea, tabletatara eta telefonoetara ere egokitu da, baina ez du nagusitasuna lortu merkatu horretan: Android eta iOS dira nagusi tabletetan eta telefonoetan. Segmentu horietan, Windowsetik bereizitako beste bi sistemarekin saiatu zen Microsoft: Windows Mobile eta Windows Phone.

Bertsioak aldatu

Historian, gero eta konplexuagoa eta ahaltsuagoa bihurtu da interfaze hau, bertsio berrien bidez. Hauek dira sistema eragileak izan dituen bertsioak:

  • 1985ean hasi zen, Windows 1.0 sistemarekin.
  • 1987an, Windows 2.0 kaleratu zuten; nahiz eta hobekuntza batzuk zituen, ez zuen arrakasta izan.
  • Sistemaren arrakasta 1990. urtetik aurrera hasi zen, Windows 3.0 bertsioarekin. 1992an eta 1993an, Windows 3.1 eta Windows for Groups kaleratu zituzten, hurrenez hurren.
  • Hala ere, aurrerapen garrantzitsuenak Windows 95arekin batera etorri ziren, eta haren ondoren Windows 98arekin.
  • Sistema eragile berri bat sortu zuten 2001ean, beste oinarri batetik sortuta. Beraz, ez zuen zerikusirik lehenago kaleratutakoekin. Sistema hori hain famatua den Windows XP izan zen. Handik aurrera, 2007an Windows Vista kaleratu zen; 2009an, Windows 7; 2012an, Windows 8; 2015ean, Windows 10; eta azkenik, 2021ean, Windows 11.
  • Bestetik, Windows sistemak mugikorretarako Windows Mobile eta Windows Phone ditu eskuragarri, eta Xbox One bideo-joko plataformarako ere moldatuta dago sistema bat.