Konpresa berrerabilgarri bat.

Menstruazioa edo hilekoa ugaztun eme askok hilero baginatik izaten duten odol-jarioa da. Obulua obulutegitik kanporatu eta ernaltzen ez denean gertatzen da. Menstruazioak esan nahi du eme hori umeak izateko gai dela, hau da, bere barnean —umetokian— umeak sortzeko gai dela.

Emakumeen kasuan, menstruazio bateko odol-jarioa gutxi gorabehera 40-50 ml artekoa izaten da, eta odolez, endometrio-ehunez eta baginako bestelako jariakinez osatuta dago. Jarioaren iraupena hiru eta zazpi egun artekoa izaten da.

Emakumeen menstruazioa aldatu

Lehenengo hilerokoa pubertaro edo nerabezaroaren hasieran gertatzen da, gutxi gorabehera 12 eta 15 urte bitartean; hala ere, lehenago edo beranduago ere gertatzen ahal da. Lehenengo hilekoa lehenago gertatzen da herrialde garatuetan, garapen bidean dauden herrialdeetan baino.

Menstruazio batetik bestera, batez beste 28 egun igarotzen dira. Emakumezko gazteetan, hala ere, tarte hori 21-45 egunekoa izaten da gehienetan; eta, emakumezko helduetan, aldiz, 21-31 egunekoa.

Emakumea bere azken menstruaziora iristen ari denean, 40 urte inguru dituenean, menstruazioak horren erregularra izateari uzten dio, eta emakumeari zailagoa zaio umerik sortzea. Emakumeak urtebetez menstruaziorik izan ez duenean, menopausian sartu dela esaten da. Gure inguruko herrialdeetan gutxi gorabehera 45 eta 55 urte artean heltzen da menopausia. Une horretatik aurrera, emakumeak ezin du umerik sortu.

Emakumeen menstruazioaren kudeaketa aldatu

Hilekoaren odolak arropa kaltetu ez dezan, eta gizarte bizitzako arauak betetzearren, menstruazioa kudeatzeko hainbat jarduera egiten dituzte emakumeek: hilekoaren odola jasotzeko produktuak jartzea, garbitzea edo garbitzeari uztea, medikuntzako prozeduren bidez hilekoa galaraztea...

Hilekoaren odola jasotzeko produktu nagusiak konpresak, tanpoiak eta menstruazio kopak dira. Lehenengo biak (konpresa eta tanpoia) erabili eta botatzekoak dira, eta ondorioz kutsadura handia sortzen dute ingurumenean, hileroko bakoitzarekin produktu horietako asko erabili eta bota behar baitira. Azkena (menstruazio kopa), ordea, bost bat urtez erabiltzekoa da, eta kutsadura txikiagoa sortzen du ingurumenean.

Emakumeen hilekoari buruzko iritzia, gizartean aldatu

Gure gizartean patriarkatua nagusi denez, jende askok emakumeen hilekoa ez du fenomeno fisiko normal gisa ikusten, baizik eta nazka ematen dio. Horregatik, feminismoa saiatzen da hilekoa gizartean normalizatzen, jendeak hilekoa gauza normaltzat hartzeko.