Euli-larba

Larba hitza animalia batzuen bizitzaren lehen aldia izendatzeko erabiltzen da. Aldi horretan, animalia horiek erabat ezberdinak dira, geroago helduak direnean duten itxurarekin alderatuta. Bizitzaren aldi hau arrautzaren eta animalia helduaren artean gertatu ohi da, eta animaliaren helduaroak baino denbora gehiago edo gutxiago iraun dezake. Badira beste animalia batzuk ere larba aldian geratzen direnak betirako.

Larbak anfibio guztietan daude, arrain espezie askotan eta ornogabe talde askotan, batez ere intsektuetan, itsas-krustazeo eta -moluskuetan, ibai-karramarroetan, etab. Animalia horiek arrautzak erruten dituzte, eta arrautzetatik larbak ateratzen dira. Batzuetan larbak hankak ditu eta beste batzuetan ez. Adibidez, tximeletaren larbak, beldarrak alegia, hankak ditu; izan ere, beldarrek landareen hostoetaraino ibili behar dute elikatzeko. Eulien harrek, ordea, ez dute hankarik, ez dituzte behar, usteldutako haragian bizi direlako.

Izen asko daude larbentzako: igelen larbei zapaburu esaten zaie; tximeleten kasuan, beldarrak dira; euli eta kakalardoetan, har deitzen zaie.

Larbak, batzuetan, animalia helduak bizi diren tokitik guztiz bestelako toki batean bizi dira: adibidez, eltxoen eta sorgin-orratzen larbak uretan bizi dira; helduak direnean, airean edo landareetan bizi dira gehienbat.

Erlastarraren larbek ospe bereziki txarra dute nekazarien eta lorezainen artean. Larbak lurrazpian bizi dira bi eta bost urte bitartean, eta bertan sustraiez elikatzen dira. Horregatik, landareak zimeldu edo are hil egiten dira maiz. Erlastar heldua aste gutxi batzuk besterik ez da bizi, ernaltzeko eta arrautzak jartzeko.

Larbak nahikoa hazi direnean, aste pare baten buruan, haien gorputza aldatu egiten dute. Sarritan kapulu baten barruan egiten dute, hau da, haiek sortutako oskol baten barruan. Intsektuen kasuan, lehenik pupa bilakatzen dira. Pupan intsektua heldu egiten da. Eulien larbek kapulu marroi bat egiten dute. Egun gutxitara euli bilakatzen dira. Larbatik puparako eta pupatik animalia heldurako aldaketari metamorfosia deitzen zaio.

Intsektu batzuek, sorgin-orratza kasu, ez dute metamorfosia egiten. Beste intsektu batzuk bezalaxe arrautza batetik jaiotzen dira eta, orduan, larba esaten zaie. Baina gero behin edo gehiagotan azalberritzen dira, eta orduan animalia helduaren antz handia dute. Orduan ninfa deitzen zaie. Intsektua heldua denean imago deitzen da.