Poliziaren eta langileen arteko liskarra

Klase-borroka klase sozialen (gizartea osatzen duten sektoreen) arteko tirabira edo gatazka da. Gatazka edo borroka hori klase sozial bakoitzak interes ezberdinak eta, batzuetan, aurkakoak dituelako gertatzen da. Karl Marxek sortu zuen "klase-borroka" kontzeptua, eta ekonomia-ereduei buruzko teoria marxistaren oinarrizko ideia da.

Marxek zioenez, historia klase sozialen arteko etengabeko borroka da, ekoizpen-bitartekoak kontrolatzeko egiten dutena. Ikuspegi marxistaren arabera, beti izan dira bi bloke handi historian zehar: menderatzaileak eta menderatuak, edo, bestela esanda, aberatsak eta txiroak. Menderatzaileek lurraldea eta ekoizpen-bitartekoak kontrolatzen dituzte; eta menderatuak lan-indarra dira. Historiako aroaren arabera, bi bloke horiek ugazaba eta esklaboa, patrizioak eta plebeioak, jaun feudalak eta jopuak izan ziren, eta, egungo gizarte industrialean, kapitalistak eta langileak dira.

Klase-borroka marxismoaren hitzetan aldatu

 
Karl Marx, 1875

Marxismoak dio klase sozialak historiako une jakin batean sortu zirela, lanaren banaketa eta jabetza pribatua agertu zirenean. Jabeen eta ez-jabeen arteko edo menderatzaileen eta produkzio-indarraren arteko tirabiratik sortu zen klase-borroka.

Industrializazioarekin gizartea erabat eraldatu zen, kapitalaren kontrola eta masako ekoizpen-bitartekoak medio. Hori horrela, marxismoak "proletariotza" hitza asmatu zuen langile menperatuei deitzeko eta "burgesia" hitzari esanahia aldatu zion, jabedun klase menderatzaileaz aritzeko.

Marxen arabera, klase-borroka burgesiak (aberatsek), eurek saltzen dutena egin dezan proletariotzari (langileei) ordaintzen dionean gertatzen da. Langileek ezin dituzte erabaki beren soldata ez eta beren lan-baldintzak ere; kapitalistek erabakitzen dute, ordea, zer ekoitzi, zer baldintzatan eta zenbat ordaindu beren langileei.

Karl Marxek ikusi zuen kapitalismoan oinarritutako gizarte batean, langileek onartu egin behar dituztela ekoizpen-bitartekoen jabeek ezarritako baldintzak, lan eginez bizirauteko diru pixka bat lortzeko. Aitzitik, aberatsak are aberatsago bihurtzen ziren langileen lanaren kontura. Marxek pentsatzen zuen lana antolatzeko modu horrek langileen askatasuna mugatzen zuela eta ez ziela uzten bizi-kalitate ona lortzen. Horregatik, langileek bat egin eta ekoizpenaren arduradun izan zitezen nahi zuen, beren bizi-baldintzak hobetu ahal izateko. Langileek enpresak zuzendu beharko lituzketela uste zuen, eta jabe aberatsak ez zirela langile txiroak baino hobeak.

Marxen iritziz, klase-borrokaz gizarte kapitalista eraldatu behar da, klaserik gabeko gizarte batean berdintasun sozial eta ekonomikoa lortzeko; hau da, gizarte sozialista bat lortzeko. Marxen ustez, gizarte sozialista batean klaserik ez dagoenez, ez litzateke gatazka sozialik egongo.

Militante ezkertiarrek maiz erabiltzen dute "klase-borroka" kontzeptua, borroka sozialen oinarrizko kontzeptua dena. Iraultza sozialak menderatuen klasea matxinatzea nahi du, hala kapitalismotik komunismora igarotzeko, egitura sozial eta politiko berdinzale eta garatuena baita.