Karbono-aztarna zer den azaltzen duen ingelesezko bideoa

Karbono-aztarna gure eguneroko jardunak ingurumenean duen eragina neurtzeko erabiltzen den kontzeptua da, batez ere klima aldaketari dagokionean. Modu horretan zera neurtu daiteke, gure ekintzen ondorioz zenbat berotegi-efektuko gas isurtzen dugun atmosferara.

Berotegi-efektuko gas horiek –karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4) eta oxido nitrosoa (N20)– erregai fosilak erretzen ditugunean isurtzen dira, alegia, petrolioa, gas naturala eta ikatza erretzen dugunean, edo horien bitartez sortutako argindarra erabiltzen dugunean. Gas horiek atmosferan geratzen dira eta planetako tenperatura igotzen dute, eta horrek ondorio larriak izan ditzake kliman, ingurumenean eta gizakion bizitzan.

Nola kalkulatzen da?

aldatu

Karbono-aztarna kalkulatzeko jarduera jakin batez zenbat berotegi-efektuko gas isuri den hartzen da kontuan. Jarduera edonolakoa izan daiteke, besteak beste, produktuak ekoiztea eta garraiatzea, etxean energia kontsumitzea eta garraiorako erregai fosilak erabiltzea. Zeharka isuritako gasak ere gehitu daitezke kalkuluan, esaterako egunero jaten dugun janaria ekoiztean eta garraiatzean sortutako gasak.

Karbono-aztarna kalkulatzeko hainbat formula eta algoritmo konplexu erabiltzen dira hainbat faktore kontuan hartuz, adibidez, zein erregai mota erabili den, zenbat energia kontsumitu den eta, garraioaren kasuan, ibilitako distantzia. Maiz, enpresek eta erakundeek beren karbono-aztarna neurtzen dute, jakiteko zelako eragina duten haien jarduerek eta nola txikitu lezaketen eragin hori.

Nola gutxitu gure karbono aztarna?

aldatu

Garrantzitsua da gutako bakoitzak ere gure karbono-aztarna gutxitzea. Hona hemen hori egiteko hartu ditzakegun hainbat neurri:

  • Energia gutxiago kontsumitu: erabiliko ez ditugun etxetresna elektrikoak itzali ditzakegu, kontsumo baxuko LED bonbillak erabili eta etxeko termostatoaren tenperatura doitu.
  • Garraio jasangarria erabili: oinez, bizikletaz edo garraio publikoz mugitu gaitezke, auto gutxiago erabili eta hala berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko.
  • Bertako eta sasoiko janaria kontsumitu: tokian-tokian eta dagokion sasoian ekoitzitako jakiak aukeratzean, jakiak ekoizteko energia gutxiago eta horiek merkaturatzeko garraio gutxiago behar izaten da. Horrela, berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen da.
  • Energia berriztagarriak erabili: espresuki guretzat sortu energia berriztagarria, eguzki-panelak edo haize-errotak instalatuz.
  • Gutxiago gastatu: hondakin gutxiago sortu eta ahal den guztietan birziklatu dezakegu, hondakinen kudeaketan eta produktuen garraioan berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko.