Tutankamon faraoiaren urrezko maska ospetsua dago Kairoko museo honetan.

Kairoko Egiptoar Museoan dago antzinako Egiptoko objektu arkeologikoen bildumarik baliotsuena. Bilduma horretan, 150.000 objektu baino gehiago daude eta horietako batzuk Tutankamonen hilobiko altxorrak dira. Museoa Egiptoko erakargarri turistiko ezagunenetako bat da, hau da, Egiptora bidaiatzen duten turista asko igarotzen dira museo horretatik.

Tutankamonen hilobiko piezez gain, beste hainbat hilobitako edukia dago Egiptoar Museoan. Hetepheres erreginaren esku-aulki eta urrezko altzariak han daude, baita momiak, sarkofagoak (harrizko edo zurezko hilkutxak), papirozko antzinako idazkiak eta bitxiak ere. Horrez gain, faraoien eta erreginen eskultura sorta ikusgarria ere badago museoan, tartean Nefertiti erreginaren granito beltzezko eskultura eta Hatshepsut erreginaren granitozko esfingea. Bestalde, El-Fayumgo hilobi-erretratuen bilduma txiki baina kalitate handikoa ere badago, garai helenistiko eta erromatarrekoa.

Egiptoar Museoa 1858an sortu zen. 1902an, Tahrir plazako egungo eraikinean ezarri aurretik, beste bi kokaleku izan zituen. Museoaren bilduma aparta da, izan ere, Egiptoren historia osoa hartzen baitu. Hala ere, bildumaren zatirik handiena faraoien garaikoa da.