Nefertitiren bustoa.

Nefertiti antzinako Egiptoko erregina bat izan zen. Haren senarra, hau da, Akenaton edo Amenofis IV.a ere deitua, K.a. 1353-36 bitartean izan zen errege. Nefertitik paper aktiboa izan zuen bizitza erlijiosoan, eta egiptoarrek jainkosa bizidun bat bezala ikusi zuten. Haren izenak “emakume eder bat etorri da” esan nahi du.  

Nefertitiren jaiotzari eta haurtzaroari buruz gutxi dakigu. Inork ez daki zehazki noiz eta non jaio zen ezta nortzuk izan ziren haren gurasoak. Baliteke haren aita Akenatonen amaren anaia izatea eta hori egia balitz, Nefertiti eta Akenaton lehengusuak izango ziren.

Nefertitik eta Akenatonek sei alaba izan zituzten eta printzesa horietako bi, beranduago, Egiptoko erregina bihurtu ziren.

Hilobi eta tenpluetan aurkitutako Nefertitiren irudi askok erritu erlijiosoak egiten erakusten dute; adibidez, Aton izeneko Eguzki-jainkoari opariak egiten, nahiz eta lan hori normalean erregeak egiten zuen. Akenatonen erregealdian, Aton Egiptoko jainko nagusia bihurtu zen. Egiptoarrek sarritan gurtzen zituzten Nefertiti eta haren senarra, Atonekin batera.

Akenatonen erregealdian aurrerago, sei printzesetako bat hil egin zen, eta Nefertiti eta beste hiru printzesa desagertu egin ziren. Galdutako alabak seguruenik hil egin ziren, baina inork ez daki ziur zer gertatu zitzaion Nefertitiri. Historialari batzuen ustez, alargundu eta gero, bakarrik gobernatu zuen, Smenkhkare izenarekin. Hala ere, Smenkhkare gizon bat zela frogatuta dago; hain zuzen ere, Tutankamon erregearen anaia zela. Nefertitiren gorpua inoiz ez da aurkitu.