Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsa

Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsa Iruñeko erraldoi, buruhandi, kiliki eta zaldikoek osatzen dute, baita hauek eramaten dituzten kideek ere. Gaur egun Sanferminetako pertsonaia garrantzitsuak dira.[1]

Historia aldatu

Iruñeko erraldoi konpartsa bati buruzko lehen datuak 1600. urtekoak dira[2] baina gaur egun ezagutzen dugun Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa 1860koa da. Tadeo Amorena izeneko margolari nafar batek proposatu zion Iruñeko Udalari erraldoi berri batzuk eraikitzea. Lehenengo europarren bikotea egin eta Udalari erakutsi zizkion eta trebetasun onaz konbentziturik, Udalak gainerakok enkargatu zizkion[3].

Kideak aldatu

Guztira harri-kartoizko 25 irudik eta hauek garraiatzeko pertsonek osatzen dute konpartsa.

Erraldoiak aldatu

 
Iruñeko erraldoiak

Tadeo Amorenak 1860an sortutako 8 irudi dira: Europako Joshemiguelerico erregea eta Joshepamunda erregina bikotea, Asiako Sidi abd El Mohame erregea eta Esther Arata erregina bikotea, Afrikako Selim-pia erregea eta Larancha-la errregina bikotea eta azkenik, Amerikako Toko-toko erregea eta Braulia erregina bikotea.

3,5 metro inguru neurtzen dute eta garraiolariarekin 3,80ra iristen dira. Pisuari dagokionez,32 eta 56 kilo bitarteko pisua dute.

Iruñeko erraldoiak autobus geltoki berrian gordetzen dira eta ikasle taldeek bisita ditzakete. Sanferminetan ordea, Ezpeleta jauregian gordetzen dira.

Buruhandiak aldatu

 
Iruñeko buruhandiak

1890ean Felix Floresek eraiki zituen eta guztira 5 dira: Alkatea, Zinegotzia, Amona, gizon japoniarra eta emakume japoniarra.

Metro bat baino gehiagoko altuera dute eta bakoitzak 14 kilo pisatzen ditu.

Alkateak badu berezitasun bat: begiak mugigarriak ditu.


Kilikiak aldatu

 
Iruñeko kilikiak

Hauek 1860 eta 1941 urte bitartean sortu dira hainbat egileren artean eta guztira 6 dira: Ile-motots, Bizarduna, Patata, Napoleon, Caravinagre eta Garatxo.

Tamaina txikiagokoak eta trikornio formako txanoa dutelako bereizten dira buruhandiengandik. 10-12 kilo arteko pisua dute.

Kiliki guztiek puztutako maskuri bat eramaten dute eskuan, umeei jotzeko. Eta guztien artean Caravinagre da famatuena.

 
Iruñeko zaldikoak

Zaldikoak aldatu

Hauek 1910 eta 1941 urte bitartean sortu dira hainbat egileren artean eta guztira 6 dira. Zaldikoek ez dute izenik, batetik seira zenbakituta daude.

Kilikiak bezala, jendea maskuriarekin kolpatzen dute.

Konpartsako kideak aldatu

Sanferminetan egunero 58 pertsonako segizioak eramaten ditu erraldoiak, buruhandiak, kilikiak eta zaldikoak. 3 pertsona daude erraldoi bakoitzeko (txandaka aldatzen dira) eta 2 pertsona buruhandi, kiliki eta zaldiko bakoitzeko.

Bestalde, erraldoiak dantzatu ahal izateko, bakoitzak bi gaita-jotzaile eta danbolin bana ditu, erregina afrikarrak ezik; azken honi, txistulari batzuek eta danbolinek jartzen diote musika.

 
Erraldoi bikote bakoitzaren danbolin eta gaita jotzaileak

Usadioa aldatu

Iruñean oso zabaldua dago haurrek txupakia utzi nahi dutenean  erraldoien eskuetan zintzilik uztearen ohitura. Horregatik, sarritan, erraldoien eskuetan txupakiak ikus daitezke.

Erreferentziak aldatu

  1. «Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa» Ayuntamiento de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2022-11-17).
  2. Lako Goñi, Unai. (D.L. 2010). Gigantes de Navarra de la "A" a la "Z", historia de más de cien comparsas. EGN ISBN 978-84-937633-1-2. PMC 868815796. (Noiz kontsultatua: 2022-11-17).
  3. Martinena Ruiz, Juan José.. (2001). Historias del viejo Pamplona. Ayuntamiento de Pamplona ISBN 84-89590-90-7. PMC 433209805. (Noiz kontsultatua: 2022-11-17).