Ingalaterrako Guduaren irudi sorta.

Ingalaterrako gudua Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Britainia Handiaren aurka egindako aire-erasoen sorta luze bat izan zen. Adolf Hitlerrek Britainia Handia inbaditu nahi zuen. Horretarako, aire-armada ―Luftwaffe izenekoa― britainiar itsasontzi eta hegazkinei erasotzera bidali zuen. Erasoek hilabete batzuk iraun zuten 1940an; hala ere, alemaniarrek ezin izan zuten britainiarren defentsa garaitu eta ingelesek irabazi zuten gudua.

Bigarren Mundu Gerra 1939an hasi zen, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean. Alemaniak Poloniari erasotzen bazion, Erresuma Batuak eta Frantziak Poloniari lagunduko zietela zin egin zuten. Hori dela eta, bi herrialde horiek ere sartu ziren Alemaniaren aurkako gerran. 1940ko maiatzean, Alemaniak Frantzia inbaditu zuen eta Frantziak hurrengo hilabetean amore eman zuen. Une hartan Adolf Hitlerrek espero zuen Erresuma Batuak ere amore emango zuela. Hala ere, Winston Churchill lehen ministroa eta britainiarrak borrokan jarraitzeko prest zeuden.

Uztailaren 10ean, Luftwaffek britainiar itsasontzien aurkako erasoak hasi zituen eta horrela jarraitu zuten abuztu hasiera arte. Ondoren, ingelesen aireko baseak, hegazkin-fabrikak eta radar-estazioak bonbardatzen hasi zen. Royal Air Force edo Aireko Errege Armadak (RAF), ordea, Britainia Handia defendatzea lortu zuen, izan ere, ekipo eta hegazkin hobeak baitzituen. Abuztuaren amaieran, Luftwaffek 600 hegazkin baino gehiago galdu zituen eta RAFek, aldiz, bakarrik 260.

Irailaren hasieran, alemaniarrek bonbak jaurti zituzten Londresko gune zibiletan. Dirudienez, eraso hori istripu bat izan zen, baina britainiarrek kontraerasoa egin zuten, Berlinen (Alemania) bonbardaketa bat eginez. Horrek Hitler haserretu zuen eta, ondorioz, Londres eta beste hiri batzuei erasotzen hasteko agindu zion Luftwafferi. Irailaren 7az geroztik, 57 gauez jarraian eraso zioten Londresi. Horrela hasi zen Blitz delako iperazioa, Luftwaffek Ingalaterran egin zituen bonbardaketak. Blitzak zortzi hilabete iraun zuen.

Irailaren erdialdean, argi zegoen Luftwaffek ezin zuela RAF garaitu. Britainiar ehiza-hegazkinek alemaniar fabrikek egin zitzaketen baino azkarrago botatzen zituzten alemaniar hegazkinak. Urriaren 12an adierazi zuen Hitlerrek Ingalaterrako inbasioa neguan amaituko zela. Inbasiorako planak, ordea, udaberrirako utzi zituzten bertan behera.