BPGaren bilakaera EAEn 2011-2015 bitartean.

Barne-produktu gordina (BPG) herrialde edo eskualde jakin batek denbora jakin batean (normalean, hiru hilean behin, edo, bestela, urtebeteko epean) sortutako ondasun eta zerbitzuen balioa adierazten duen kontzeptua da.

Herrialde bakoitzeko BPGa bertako enpresen jardueretan oinarritzen da. Horregatik, ez du kontuan hartzen herrialde horretako enpresa batek atzerrian egiten dituen ekoizpenen balioa; aldiz, herrialde batean dauden atzerriko enpresen ekoizpenaren balioa bai hartzen da kontuan herrialde horretako BPGaren kalkuluan.

Zertarako erabiltzen da?

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
BPGa ulertzeko bideoa.

Adierazle hau lurralde bateko jarduera ekonomikoaren termometroa bezalakoa da: haren bidez, bertako ekonomia nola dagoen ikusten da. Normalean, herrialde baten hazkundea neurtzen da, bi denbora-tarte desberdineko BPGa konparatuz:

  • Herrialde edo eskualde geografiko baten Barne Produktu Gordina handitzen bada, bertako enpresek gehiago ekoizten dute, langileak kontratatzen dituzte, langabezia murrizten da, etxeko diru-sarrerak handitzen dira eta Estatuak zerga gehiago biltzen ditu.
  • Aldiz, Barne Produktu Gordinak behera egiten duenean, enpresek gutxiago ekoizten dute, langileak kaleratzen dituzte, etxeetako diru-sarrera ekonomikoak murrizten dira eta, beraz, kontsumoa murriztu eta Estatuak zerga gutxiago biltzen ditu.

Laburbilduz, BPGa da herrialde baten garapen ekonomikoa neurtzeko adierazlerik erabiliena; eta zenbat eta handiagoa izan, herrialde batek zenbat eta gehiago ekoitzi, printzipioz ongizate material handiagoa izango du bere biztanleriak, ondasun eta zerbitzuen kontsumo handiagoa egin ahal izango baitu.

Nola kalkulatzen da?

aldatu

Barne produktu gordina hainbat modutan kalkula daiteke. Ohikoena hau da: BPG = K + I + G + EX – IN. Alegia:

  • K: kontsumo pribatua da, familiek arropa, janari, aisialdian eta abarretan gastatzen dutena.
  • I: inbertsioa da, familiek, enpresek eta Estatuak inbertitzera bideratu dutena. Makina berriak jartzea, azpiegitura publikoak eraikitzea edo familiaren etxebizitza erostea inbertsio publiko eta pribatuaren adibide dira.
  • G: Estatuaren gastuak dira, beretzat zuzenean lan egiten duten pertsonen zerbitzuak eta soldatak ordaintzeko gastatu duena.
  • ES: esportazioak dira. Adibide bat: herrialde batean milioi bat auto egiten dituzte, eta horietatik 700.000 herrialdean bertan saltzen dituzte, baina beste 300.000, atzerrian. Barne produktu gordina kalkulatzean, kontsumoan (K) sartuko genituzke herrialdean kontsumitutako 700.000 autoak. Eta ES gisa zenbatuko genituzke esportazioak, beste 300.000 autoak.
  • IN: inportazioak dira. Berriz ere adibide bat: ekonomia batean bi milioi mugikor erosi badira, baina soilik 500.000 ekoitzi badira bertan, bi milioi mugikorren benetako kontsumoa K deritzogun kontsumo horretan kontabilizatuko genuke, baina IN inportazioetara iristean, inportatutako milioi eta erdi mugikor kenduko genituzke, eta horrek benetan herrialdean ekoitzitako 500.000 mugikorren kopurua uzten digu.

Ez da nahasi behar horrekin lotura duen beste kontzeptu batekin: barne produktu garbiarekin (BPGb), alegia.