Granitoa arroka igneo edo magmatikoa da; hau da, magma bat hoztu eta solidotzean sortutako arroka.

Arroka igneo edo magmatikoen artean arroka plutoniko bezala sailkatzen da lurrazalaren barnean sakonera handian eta oso motel hozten den arroka urtuetatik (magmatik) eratzen delako. Hain motel hoztearen ondorioa da sortzen diren mineral desberdinen kristalak nabarmendu daitezkeela.

Granitoa.

Granitoa osatzen duten mineral nagusiak, kuartzoa, feldespatoa eta mika dira.

Izena, latineko granum-en du jatorria eta “zati txikiak” esan nahi du.

Euskal Herrian Aiako Harriak dira granitozkoak.

Arroka gogorra eta klimaren eraginez eraldatzen zaila denez aurrehistoriatik eraikuntzan erabili izan da. Egipton, granitoa asko landu zuten eta obeliskoak, estatuak, tenpluen zutabe eta dintelak ere egiten zituzten.

Gaur egun eraikinak estaltzeko erabiltzen da; euri azidoak marmola kaltetzen duelako haren tokia hartzen ari da. Sukaldeetan ere erabiltzen da. Urarekiko iragazkaitza denez urtegien presak egiteko ere ohiko osagaia bihurtu da. Bide eta kaleetako galtzada harri bezala ere erabiltzen da.

Kolore ugaritako granitoak daude, osatzen dituzten mineralen araberakoak direnak.

Horrela, Tolosako Alde Zaharrean gutxienez hiru koloretakoak aurki daitezke:

  • Berdura Plazako eta Alde Zaharreko zolua eraikitzen granito zuri eta granito grisezko galtzada harriak aurki ditzakegu.
  • Aranguren eraikineko sarrerako eskailera eta zolua estaltzen granito gorria erabili dela ikus dezakegu.