Txikipedia:Gradu (angelu-neurria)
Geometrian, gradua angeluen tamaina neurtzeko erabiltzen den unitatea da. Haren sinboloa ° da, zenbaki baten ondoren; adibidez, 24 gradu honela idazten da: 24°.
Zirkunferentzia batek 360° ditu; jira oso batek 360° balio ditu, beraz. Jira erdiak, berriz, 180° (honi, angelu laua deitzen zaio), eta jira laurdenak 90° (angelu zuzena).
Badirudi antzinako Mesopotamiako astronomoek asmatu zutela zirkunferentziako 360 zatien banaketa, gutxi gorabehera hori baita aurkitu diren haien egutegietan urteak dituen egun kopurua (365,25 egun dira, egiatan; baina nahiko hurbildu ziren errealitatera). Gainera, haien zenbaketa-sistema 60 zenbakian oinarrituta zegoen (sexagesimal edo hirurogeitarra zen); horren arabera, zirkulu batean sei aldiz 60 topatzen dugu (360=6 x 60).