Gardatxoa lurrean aurkitu daitekeen animalia da, muskerren familiakoa. Uste da muskerren 4.000 espezie inguru daudela mundu osoan, eta gardatxoa horietako bat da, zehazki, Timon lepidus deitua. Espezie mediterranearra da, eta ekosistema hau duten lurraldeetan aurkitzen da gehienbat, Europako hego-mendebaldean. Eguzkia gustuko duen animalia da, horregatik, neguan zehar loaldian dago eta ondoren eguzki bila ateratzen da. Jarrera defentsiboa du eta oso ona da beste animalien mehatxuetatik ihes egiteko taktikak bilatzen.

Zer jaten dute? aldatu

Elikadurari dagokionean, animalia omniboroa da.  Batez ere intsektuak, zizareak eta beste ornogabeak jatea gustatzen zaio, baina hauetaz aparte, karraskari batzuk, txori txikiak eta arrautzak ere jan ditzake. Halaber, gogoko ditu fruitu gozoak ere.

Non aurki daitezke? aldatu

 
Gardatxoa non aurkitu Europan

Zuhaixkadietan eta bazter lehorretan bizi da batez ere, leku idor eta eguzkitsuetan. Sastrakadietan, baso garbietan, mahastietan eta zereal-soroen bazterretan aurkitu daiteke, baita lur harritsua duten parajeetan ere. Zuhaixka-geruzak, belar-geruzak eta lur eta arroka gutxiko lurzoruak gustuko ditu.

Orokorrean, Europako hego-mendebaldean aurkitzen da, Mediterraneoko ekosistemari lotuta baitago. Iberiar penintsulan, Frantziako hegoaldean, Italiako ipar-mendebaldean eta Afrikako iparraldean ikusi ohi da espezie hau.

Euskal Herriari dagokionez, Araba eta Nafarroa hegoaldean aurki daiteke. Izan ere, hauek dira Euskal Herriko gunerik lehorrenak eta klima mediterraneoari gehien hurbiltzen direnak.

Habitat horretara moldatzeko mekanismoak: aldatu

Gardatxoentzat eguzkia hartzea ezinbestekoa da, odol hotza baitute. Denbora asko pasatzen dute beraien gordelekuan lo egiten, azaroa eta otsaila bitartean gutxi gora behera. Horregatik, esnatu ondoren, eguzki argiarekin kontaktua bilatzen dute. Egunez bakarrik ibiltzen dira, eguzki bila daudelako. Tenperatura altuak oso ondo jasaten dituen espeziea da. Aldi berean, eguzki bainuek inguruan dagoen eta gertatzen den guztia behatzeko aukera ematen diete animalia horiei. Aipatutakoaz gain, eguzkiak betidanik izan ditu efektu nutritiboak, eta horrek, bere organismoaren funtzionamendu egokiari mesede egiten dio.

Nola ugaltzen dira? aldatu

 
Gardatxoa

Gardatxoaren araldia apirilaren erdi aldetik ekainera bitartekoa izaten da, eta ugalketa bere animali familiaren gainontzekoek bezala egiten dute: arrak emea hortzez harrapatzen du, barne-ernalketa burutuz. Emeak 6-15 arrautza bitartean erruten ditu, eta lurrean edo harrien azpian uzten ditu. Beste narrasti eta anfibio batzuk bezala, arrautza hauek patuaren menpe geratzen dira eta ez dute gurasoen ardurarik ez arretarik jasotzen. Hiru hilabete igaro ondoren, gardatxo kumeak jaiotzen dira, baina hauek bakarrik bizitzen eta bizirik mantentzen ikasi behar dute, janaria bilatuz eta arrisku guztiei aurre eginez.

Nolakoak dira? aldatu

Sendoa eta tamaina handikoa den musker espeziea da, 30cm-tik 90cm-ra bitarteko luzera izan dezake. Kolorazioa eta diseinua aldatu egiten dira adinarekin, eta kolore desberdinak ere izan ditzakete sexuaren arabera. Adibidez: arrek kolore biziak izaten dituzte; berdexkak, horiak eta urdinxkak. Emeek, aldiz, kolore ilunagoak izaten dituzte; marroiak, grisak, berdeak eta horiak, baina, tonu oso ilunetan. Eta kumeak, berdeak, grisak edo marroiak, zati horiak edo zuriak eta orbanak alde guztietan.

Gorputz atalak: aldatu

 
Gardatxoa

Narrastien gorputza, buru, enbor eta buztanean banatzen da. Buruak, bi sudur-zulo ditu, hortzez hornitutako ahoa eta betazalez hornitutako bi begi. Enborrak, bost hatzetan amaitutako 4 gorputz-adar ditu, eta sabela gainazalaren gainean arrastaka daramate. Eta azkenik, buztana, estoldetatik bukaeraraino doana.

Nola babesten dira euren harrapakarietatik? aldatu

Eguzkia dagoenean harrizko edo zuhaitzeko enborren gainean etzanda egotea gustatzen zaio gardatxoari. Horrelakoetan, ordu luzeak pasa ditzake eguzkiaren izpi gozoez gozatzen, eta lasai egoten da etsaien bat hurbiltzen ez bazaio. Arriskua hautematen duenean, begiak ireki eta azkar mugitzen da, eskalatzen ere oso ona den arren. Bere etsaiarengandik ihes egiteko beste estrategia bat buztana askatzea da, berriro haz baitaiteke, eta, era berean, badaki oso gogor hozka egiten.

Gardatxoek oso ikusmen ona dute; horri esker, ehiztariak saihestu eta harrapakina ehizatu ditzakete.

Arriskuan al dago? aldatu

   Ba al dakizu    

Elkarren artean komunikatzeko, beren gorputz lengoaia erabiltzen dute; jarrera espezifikoak, keinuak eta mugimenduak erabiltzen dituzte beren lurraldea definitzeko.

Bai, gardatxoa arriskuan dago. Izan ere, gizakiak aspaldidanik ehizatu du gardatxoa bere okela samur, zuri eta preziatua dela eta, eta egun bere populazioaren jeitsiera nabaria da. Zenbait autoreren ustetan espezie honetako populazioen egoera kritikoa da eta gardatxoa babesteko neurriak hartu behar dira.