Fikzioa idazle edo autore batek bere irudimenetik ateratako kontakizuna da. Normalean, literaturarekin lotzen dugun zerbait da; baina ikusentzunezkoen munduan ere erabiltzen da: film gehienak fikziozkoak izaten dira, baina badira ez-fikziozkoak ere, dokumentalak, adibidez.
Fikziozko lan batean, autore edo egileak berak asmatzen du kontatzen duen istorioa. Normalean, narrazioari lotuta egoten da; izan ere, poesian ere erabiltzen du egileak bere irudimena, baina ez istorio bat kontatzeko.
Literaturaren barruan, fikziozko lanak bi eratakoak izaten dira:
- Eleberri edo nobela: istorio luze eta konplexua kontatzen duena. Pertsonaia eta eszena asko izaten ditu eta atal desberdinak eduki ditzake; lehenagoko garaietan, askotan, eleberri baten atalak banaka argitaratzen ziren, eta bukaeran bakarrik kaleratzen ziren liburu moduan.
- Ipuin edo narrazio laburra: kontakizun laburra, orri gutxikoa. Pertsonaia eta eszena gutxi izaten ditu eta ez du atalik izaten. Askotan, ipuin-bilduma moduan argitaratzen dira, ipuin-sorta bat biltzen duen liburu batean; baina solte ere argitaratzen dira, batzuetan, bestelako argitalpenetan, aldizkari edo egunkari batean, adibidez.