Kolore horian, neurona sentsitiborik gabeko nerbio-amaierak irudikatuta daude, estimulu mingarriak atzematen dituztenak.

Erlazio-funtzioa izaki bizidunek ingurunetik estimuluak (barneko eta kanpoko ingurunean sortutako aldaketa fisikoak edo kimikoak) jasotzeko eta beraien biziraupenerako eman behar dizkieten erantzun egokiak sortzeko duten gaitasuna da.

Izaki bizidunek, erlazio-funtzioaren bidez, beren organismoaren funtzionamendua koordinatzen dute, ingurunera ahalik eta ondoen egokitzeko, elikagai nahikoa izateko eta gainerako izaki bizidunekin harremanetan jartzeko.

Nola jasotzen dira estimuluak? aldatu

Animaliek egitura biologiko berezi batzuk izaten dituzte estimulu horiek jasotzeko, errezeptore deitzen ditugunak. Errezeptore horien artean daude, adibidez, izaki bizidunen Zentzumenen organoak. Animalien zentzumen nagusiak ikusmena, entzumena, oreka, usaimena, dastamena, ukimena eta tenperatura eta mina detektatzea dira.

Landareek ez dute zentzumen-organorik, baina bai dira gai estimuluak jasotzeko, bai eta horiei erantzuteko ere. Bi erantzun mota izaten dituzte: lekualdatu ezin direnez, halako norabide batean haz daitezke, edo zenbait egitura irekitzen edo ixten dituzte estimulu jakin bati erantzuteko.

Zentzumen-errezeptoreak aldatu

Izaki bizidunek hainbat motatako zentzumen-errezeptoreak dituzte kanpoko estimuluak jaso edo hautemateko:

  • Mekanorrezeptoreak: estimulu mekanikoak hautematen dituzte, hala nola presioa, kontaktua, bibrazioak, etab.
  • Fotorrezeptoreak: estimulu argitsuak hautematen dituzte.
  • Kimiorrezeptoreak: estimulu kimikoak hautematen dituzte, airean edo uretan disolbatutako substantziak, adibidez.
  • Termorrezeptoreak: tenperatura-aldaketak atzematen dituzte.

Kanpoko ingurunetik ez ezik, izaki bizidunaren organismotik bertatik ere etor daitezke estimuluak; kasu horretan, estimulu horiek hautematen dituzten errezeptoreei propiozeptore deitzen zaie.

Informazioa nola prozesatu eta koordinatzen da? aldatu

Nerbio-sistema zentralera iristen den informazioa zentzumen-errezeptoreen bidez prozesatzen da, eta ingurumen-egoerara egokitzeko erantzun egokia prestatzen da.

Prestatu den erantzun hori gauzatu egin behar da gero. Animaliek bi sistema dituzte iristen zaizkien estimuluak koordinatzeko eta erantzunak prestatzeko.

  • Nerbio-sistemak estimulu baten aurrean, erantzun azkarrak eta ez oso iraunkorrak sortzen ditu. Neuronek osatzen dute nerbio-sistema, eta horiek arduratzen dira funtzio horiek betetzeaz. Estimuluari mugimenduekin erantzuteko aukera ematen du.
  • Hormona-sistemak erantzun geldoak baina iraunkorrak sortzen ditu. Hormona-sistema hormona-guruinek osatzen dute, eta hormonak izeneko substantzia batzuk jariatzen dituzte.