Erla.

Erla Euskal Herriko kostaldean aurkitzen den arrain mota bat da.

Izena aldatu

Euskaraz erla esaten zaio baina beste izen asko ere badauzka: amerikano, ernaibera, errio-arraina, merikano, mojarra eta zapatero. Izen zientifikoa Lithognathus mormyrus da.

Deskribapena aldatu

Orokorrean 30 cm inguruko arraina da baina 55 cm izatera eta kilogramo bat pisatzera iritsi daiteke. 13 urteko bizitza har dezake.

Burua luzeran eta altueran antzerakoa da eta profila zertxobait ahurra du. Gorputz obalatua du eta aldeetatik zapaldua, zilar kolorekoa da eta 14 lerro beltz bertikal ditu. Hortzak nahiko handiak ditu.

Bizitokia aldatu

Ozeano Atlantikoaren ekialdean eta Mediterraneo itsasoan aurkitzen da.

Kostaldeko arraina da. Itsas plataforman aurkitzen da hareazko edo lokatzezko hondoetan, bai eta Posidonia zelaietan ere.

Elikadura aldatu

Taldeak osatzen ditu, batzuetan kopuru handiko taldeak izaten dira. Hondarretan aurkitzen dituen zizare, molusku eta krustazeo txikiak jaten ditu.

   Ba al dakizu    
Bizkaiko Barbadun ibaian ere sartzen da. Horregatik deitzen zaio Bilboko ezkerraldean errio-arraina.

Ugalketa aldatu

Udan askatzen dituzte arrautzak. Ar jaiotzen da eta bi urte betetzen dituenean sexu heldutasuna lortzen du. 18-21 cm arteko luzera hartzen duenean sexuz aldatzen da, 3'5 urteko adina duenean gutxi gorabehera.

Sukaldaritza aldatu

Haragi preziatuko arraina da, baina ez da arrantzatzen erraza, eta Euskal Herrian ez da ohikoa jasotzea.

Labean erreta egin ohi da erla.