Ospitalean gaixorik dagoen gaixo bat.

Eritasuna edo gaixotasuna osasunaren aurkako egoera da; gaixotasunak gorputzaren edo gorputz-atal baten funtzionamendu ona hondatzen du, mina eragin dezake, eta, kasurik okerrenetan, heriotza ere eragin dezake. Beti ez da erraza izaten gaixotasunaren eta osasunaren arteko muga non dagoen zehaztea; gaixotasunek halako sintoma batzuen bitartez nabaritzen ditugu; sintomak gaixotasuna adierazten edo ezagutarazten dituzten seinaleak dira: adibidez, gorputzeko tenperatura igotzen denean, sukarra izaten dugu, eta hori gaixorik gaudenean gertatzen da, gripea harrapatu dugunean, adibidez.

Gaixotzen garenean, mediku edo sendagilearengana joaten gara; sintomen arabera, medikuak zer dugun jakin dezake, etasendatzeko zer egin behar dugun esaten digu. Askotan, medikuek botika edo sendagaiak errezetatzen dituzte, eritasunaren sintomak gutxitzeko eta gaixotasuna sendatzen laguntzeko. Gaixotasuna larria bada, berriz, ospitalera bidaliko gaitu, han behar dugun tratamentua emateko.

Nolako gaixotasunak daude?

aldatu

Eritasun ugari daude; dena dela, gizakion kasuan, bi multzo handitan banatzen ditugu: gaixotasun infekziosoak eta gaixotasun ez-infekziosoak.

Gaixotasun infekziosoak

aldatu

Gaixotasun infekziosoak kutsakorrak dira, kutsatu egin daitezke pertsonen artean; hau da, gaixorik dagoen norbaitek beste norbaiti eragin diezaioke gaixotasun berbera. Adibidez, arnasten dugunean edota doministiku egiten dugunean, listuan tanta txiki batzuk kanporatzen ditugu, eta horietan birusak egoten dira; orduan, gure ondoan norbait dagoenean, erraz harrapatu ditzake birus horiek eta gaixotu. Bestalde, animaliek ere hedatzen dituzte gaixotasun infekziosoak. Eta beste batzuetan, berriz, airearen, uraren edo janariaren bidez zabaltzen dira.

Izaki bizidun ñimiño batzuek (patogeno edo germenak deitzen direnek) eragiten dituzte eritasun infekziosoak. Horrelako patogeno bat gorputzean sartzen denean, pertsonari halako gaixotasun bat kutsatzen diola esaten da. Birusak eta bakterioak izaten dira gaixotasunak kutsatzen dituzten patogenoak, besteak beste.

Birusek eragindako gaixotasun batzuk honako hauek dira: hotzeria edo katarroa, gripea, barizela, elgorria eta abar. Bakterioek eragindako gaixotasunen artean, berriz, faringitis estreptokozikoa, tuberkulosia eta neumonia daude.

Medikuek sarritan antibiotikoak izeneko botikekin senda ditzakete bakterioek eragindako gaixotasunak. Batzuetan, horrelako gaixotasunak ez harrapatzen laguntzeko, edo haien eragin kaltegarria gutxitzeko, medikuek txertoak ere erabiltzen dituzte.

Gaixotasun ez-infekziosoak

aldatu

Gizakiok izaten ditugun gaixotasun asko ez dira beti patogenoek sortutako infekzioengatik gertatzen. Holakoetan, gaixotasun ez-infekziosoak deitzen zaie. Ez dira kutsakorrak; hau da, gizaki batek ez dizkio beste bati pasatzen.

Infekziosoak ez diren gaixotasunetako batzuk hereditarioak edo gentikoak dira, ordea; hau da, gurasoek seme-alabei transmititzen dizkiete, geneen bitartez. Geneak pertsona baten zelulen barruko informazio-unitate txikiak dira.

Pertsona baten bizimoduak ere eragin ditzake gaixotasun ez-infekzioso batzuk. Gaizki jaten bada eta ariketa fisikorik egiten ez bada, bihotzeko gaixotasunak edo diabetesa izateko arriskua handiagoa izaten da. Tabakoa erretzen dutenek biriketako minbizia izateko aukera handiagoa dute erretzaile ez direnek baino.

Ingurumen-arriskuek edo kutsadurak ere gaixotasun ez-infekziosoak eragin ditzakete. Lantegi kutsagarrietatik edo hondakin toxikoen zabortegietatik hurbil bizi direnek minbizia edo bestelako gaixotasunak harrapa ditzakete.

Medikuek ez dute jakiten zehazki zergatik gertatzen diren gaixotasun ez-infekzioso asko. Alzheimer gaitza edo esklerosi anizkoitza bi gaixotasun dira, eta horien kausak ez dira oraindik ezagutzen.

Sendagaiek, ebakuntzek eta bestelako tratamenduek zenbait gaixotasun ez-infekzioso kontrolatzen lagun dezakete. Baina gaixotasun horietako asko ezin dira sendatu. Gaur egun, zientzialari asko ari dira lanean herentziazko gaixotasunak eta beste gaixotasun ez-infekzioso batzuk sendatzeko moduak ikertzeko.