Gripearen birusa, mikroskopio elektronikoaren bidez handitua.

Gripea gaixotasun kutsakor bat da, arnas aparatuari eragiten diona. Birus batek eragiten du, eta batez ere urte-sasoi hotzetan infektatzen du jendea. Baina txoriak eta zenbait ugaztun ere kutsa ditzake, txerriak edo zaldiak, adibidez. Gripearen birusak 80 eta 120 nanometro neurtzen du, eta modu desberdinetan irits daiteke sudurrean, ahoan edo begietan dugun mukosa edo muki-mintzera; ohikoena, listu-ttantta txikien bitartez izaten da: gripea duen norbaitek, doministiku egitean, listu- tanta txikitxo batzuk botako ditu airera; ttantta horiek objektuen gainera edo eskuetara iritsiko dira, edo gure arnasbideetara. Eskuez ukitzen baditugu holako ttanttak dituen objektu bat eta eskuak ahora edo sudurretara eramaten baditugu, birusa gure arnas sistemara sartu eta gaixotu egingo du.

Gripea dugunean, beste pertsonak kutsa ditzakegu doministiku egitean.

Nola jakin gripea ote dugun

aldatu

Gripea katarro edo marrantaren oso antzekoa da, baina gaixoak okerrago sentitzen dira: ahulago eta goserik gabe edo buruko minez. Gainera, askotan sukar handia eta hotzikarak ematen ditu. Eztarriko eta sudurretako mukosak handituta daude eta, horregatik, zaila da arnastea; mukosak lehortzen direnean, eztul egiteko gogoa izaten da. Horiek denak gripearen sintomak dira.

Sintoma horiek oso azkar hasten dira, birusa gure gorputzera sartzen denean. Eta 7 eta 14 egun bitartean irauten dute, normalean.

Zer egin behar da?

aldatu

Horrelako sintomak izanez gero, sendagile edo medikuarengana joan. Beraz aztertu eta jakingo du ea gripea duzun edo beste zerbait. Orduan, botika edo sendagairen bat errezetatuko dizu sintomak arintzeko. Izan ere, gripea ezin da botiken bitartez sendatu, baina bai prebenitu, txertoen bidez. Berez sendatzen da kasu gehienetan, gure immunitate-sistemak birus gaiztoa hiltzen duenean.

Prebentzioa da garrantzitsua: hau da, neurri batzuk har daitezke ez gaixotzeko. Txertoak horretarako dira; txertoekin, zailagoa da gaixotzea, baina ez ezinezkoa. Dena dela, neurririk onena askotan eskuak garbitzea da. Birus asko iristen zaizkigu eskuen bitartez.