Elikadura-piramidea.

Elikadura-piramidea elikadura egoki eta osasuntsuari buruzko grafiko bat da, piramide itxura duena. Piramide horretan, gizakiok jan ohi ditugun janari mota ezberdinak agertzen dira eta, osasun onean egoteko, janari mota horietatik zenbat jan beharko genukeen adierazten da.

Grafiko mota hau Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1992. urtean.

Piramidea 6 zatitan banatuta dago eta zati bakoitzak janari multzo bat adierazten du. Piramidearen beheko aldean, gehiago hartu behar ditugun elikagaiak egoten dira; goian, aldiz, gutxiago hartu behar ditugunak.

Bestalde, ondoko irudian ikus daitekeen bezala, bizimodu osasungarria edukitzeko, janariaz gain, beste zenbait baldintza ere betetzea komeni da:

  • Jarduera fisikoa: beti ere neurriz eginda, egunero 60 minutu inguru edo 10.000 urrats.
  • Oreka emozionala: gure emozioak ulertu eta bideratzen jakin behar dugu.
  • Pisua kontrolatu: pisuarekin kontuz ibili behar dugu, gehiegizko pisua ez izateko.
  • Sukaldaritza osasungarria: janaria prestatzeko modu egokiak erabili behar dira.
  • Ura edan: egunero 2 litro inguru hartzea gomendatzen da, edo 4-6 edalontzi.

Janari motak aldatu

  • Barazkiak: Barazkiak bitamina eta mineral asko eta gantz eta kaloria gutxi dituzten landareak dira.
  • Zerealak: Energia iturri garrantzitsuak dira. Multzo honen barruan daude garia, artoa, arroza, pasta, ogia...
  • Fruituak: Fruituek kaloria eta gantz gutxi eta azukre naturalak eta bitaminak dituzte. Multzo honen barruan daude sagarra, laranja, mahatsa...
  • Koipeak eta gozokiak: Elikadura-piramidearen goiko aldean kokatzen dira. Kaloria asko dituzte eta gutxien kontsumitu beharko genituzkeen janariak dira. Multzo honetan daude hurrengoak daude: gurina, azukreak, azukrea duten freskagarriak, gozokiak...
  • Esnekiak: Ugaztunek produzitzen duten esnetik sortzen diren produktuak dira. Kaltzioa, proteinak, fosforoa, A bitamina eta D bitamina dauzkate. Multzo honetan sartzen dira esnea, jogurta eta gazta.
  • Okelak eta lekaleak: Okela animalien haragia da, mota askotakoa izan daiteke eta proteina asko ditu. Multzo honen barruan sartzen dira behi okela, txerri okela, oilasko okela, arrain okela. Arrautzak ere multzo honetan sartzen dira, baita lekaleak eta fruitu lehorrak ere...

Elikagai osoak eta ez-osoak aldatu

Elikagai osoak mantenugai mota guztiak eta gure gorputzak behar duenaren antzeko proportzioan dituztenak dira. Elikagai osoaren adibide bat esnea da. Hori logikoa da, jaioberrien elikagai bakarra baita.

Arrazoi beragatik, arrautzak eta haziak nahiko elikagai osoak dira.

Aldiz, azukrea, olioa eta gurina, ez-osoak dira, mantenugai mota bat besterik ez baitute.