Eguzki-sistema sortu zuen nebulosaren irudi artistikoa

Eguzki-sistemaren hasiera duela 4.600 milioi urte inguru gertatu zen, gaur egun zientzialari gehienek onartzen duten teoriaren arabera, nebulosa edo gas eta hauts hodei erraldoi batetik eratuta.

Teoria horren arabera, zerbaitek hodei hori kolapsatzea eragin zuen; beharbada, izar hurbil baten pasaera izan zen, edo supernoba baten eztandak eragindako talka. Dena delako horren eraginez, hodeiaren erdigunea barrurantz erortzen edo kolapsatzen hasi zen. Hau da, grabitateak hodeiaren erdigunerantz erakarri zituen nebulosa horretako molekula guztiak, gehienak hidrogenozkoak. Prozesu horretan, materiaren zatirik handiena erdigunean pilatu zen, esfera bat osatuz, eta gainerako materia, berriz, esfera horren inguruan biraka hasi zen, gero eta azkarrago, disko baten forma hartuta (disko protoplanetario deitzen zaio, hortik sortu zirelako geroagoko planetak). Erdiguneko presioak haren tenperatura igo zuenean, hidrogeno-atomoak fusionatu egin ziren eta helioa sortu zen. Horrela, izar bat sortu zen, guk Eguzkia deitzen duguna.

Disko protoplanetarioaren dentsitatea ez zen berdina leku guztietan. Leku batzuetan, gasa eta hautsa pilatzen hasi zen, multzo gero eta trinkoagoak osatuz eta gero eta materia gehiago pilatuz; multzo horiek ere biratzen hasi ziren beren ardatzaren inguruan, erdiguneko izarraren inguruan orbitatzen zuten bitartean.

Multzo horietako batzuetan, erdiguneko izarra sortzean soberan geratu zen gasa pilatu zen, batez ere; gasezko pilaketa horietatik sortu ziren Eguzki-sistemako gasezko planeta erraldoiak: Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Lehendabiziko biak, seguru aski, metalezko edo arrokazko nukleo batzuen inguruan gasa pilatuz sortu ziren; eta beste biak, aldiz, izotzezko nukleo batzuen inguruan.

Beste multzo batzuetan, aldiz, hautsa, arrokak eta metalak pilatu ziren, eta arrokazko planetak (Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte), haien ilargiak, asteroideak eta Eguzki-sistemako gainontzeko objektuak sortu ziren haietatik.

Inoiz planeta bat osatzera iritsi ez ziren nebulosaren hondarrak beste eremu batzuetan bildu ziren: asteroideen gerrikoa, Kuiperren gerrikoa eta Oorten lainoa.

Teoria honen historia

aldatu

Eguzki-sistema nebulosa batetik sortu zela Emanuel Swedenborg izeneko zientzialari eta teologo suediarrak proposatu zuen 1734an. Immanuel Kantek, Swedenborgen lanean oinarrituta, teoria hori garatu zuen eta liburu batean argitaratu zuen 1755ean. Liburu horretan zioen gas-hodeiek astiro jiratzen dutela, grabitatearen ondorioz kolapsatu eta txikitzen direla, eta horrela sortzen direla izarrak eta planetak.

1796an, Pierre-Simon Laplacek antzeko eredu txiki eta zehatzago bat proposatu zuen. Bertan, Laplacek zioen, hasieran, Eguzkiak atmosfera bero zabal bat izan zuela, Eguzki-sisteman zehar hedatzen zena, eta "hodei protoestelar" hori hoztu eta uzkurtu egin zela; hodeiak azkarrago jiratu ahala, kanporantz botatzen zuen materiala kondentsatu eta, era hartan, planetak sortuko ziren.

Laplaceren teoria nahiko onartua egon zen XIX. mendean, baina beste zientzialari batzuek arazo handiak aurkitu zizkioten; eta XX. mendean, zientzialariek beste azalpen batzuk bilatu zituzten. Joan den mendeko 70eko hamarkadan, eguzki-nebulosaren teoria izan zen indar eta onarpen gehien lortu zuena. Viktor Safronov izeneko astronomo errusiar batek garatu zuen teoria hau, 1972an argitaratu zuen lan batean. Bertan, planetan nola eratzen diren aztertu zuen eta ordura arte teoria hori onartzeko zeuden arazoak azaldu eta konpondu zituen.

Gaur egun, hori da Eguzki-sistemaren sorrerari buruz dagoen teoriarik onartuena. Berez, teoria horrek berak balio du, seguru aski, Unibertso osoan funtzionatzen duen mekanismoa azaltzeko.

Eguzki-sistemaren bukaera

aldatu

Zientzialariek kalkulatu dute 5.000 milioi urte barru amaituko dela Eguzkiaren bizitza, eta, horrekin batera, Eguzki-sistemaren bukaera iritsiko dela.

Honetaz gehiago jakiteko, irakurri ondoko artikulua: